Politika -
GOIDI-AREN KUDEAKETA, AZTERGAI
Epaileak ez du Mazon Valentziako presidentea ikertu gisa deituko, baina bai Prados Barne kontseilari ohia
Epailearen autoaren arabera, urriaren 29an Es-Alert sistemaren bidez 20:11n herritarrei bidalitako abisua "berandu eta okerra" izan zen, Cecopi bileraren deialdia "atzerapen handiz egin zen" eta erabakiak "are atzerapen handiagoz hartu ziren".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Valentziako GOIDIaren kudeaketa ikertzen ari den Catarrojako epaitegiak atzera bota du Carlos Mazon Generalitateko presidentea ikertu gisa deitzea baina bai, ordea, Salome Pradas Justizia eta Barne kontseilari ohia eta Emilio Argueso departamentu horretako idazkari autonomiko ohia.
Presidentearen kasuan, foruduna da Valentziako Komunitateko Justizia Auzitegi Gorenaren aurrean, eta ebazpenaren arabera, epaileak ez du Mazon ikertu gisa deituko. Hala ere, gaineratu du "boluntarioki" eska dezakeela, eta, kasu horretan, ikertu gisa egin beharko lukeela, eta ez lekuko gisa.
Administrazio autonomikoaren beste kide batzuen kontrako zein Jucarreko Konfederazio Hidrografikoko (CHJ) beste kide batzuen kontrako kereilak ere atzera bota ditu epaileak, astelehen honetan prozeduraren parte direnei igorri zaizkien bi autoen arabera. Prozesua homizidio delituengatik eta zuhurtziagabekeriagatiko lesioengatik ireki da, Valentziako Komunitateko Justizia Auzitegi Gorenak jakitera eman duenez.
Epailearen autoaren arabera, urriaren 29an Es-Alert sistemaren bidez 20:11n herritarrei bidalitako abisua "berandu eta okerra" izan zen, Cecopi bileraren deialdia "atzerapen handiz egin zen" eta erabakiak "are atzerapen handiagoz hartu ziren".
Testuinguru horretan, epaileak beharrezko jotzen du ikertu gisa deklarazioa hartzea garai hartan Justizia eta Barne kontseilari zen Salome Pradasi eta kontseilaritza horretako idazkari autonomiko zen Emilio Arguesori. Datarik ez du zehaztu, hala ere.
Pradasi buruz, autoak dio berak zuela herritarren babeserako neurriak hartzeko prozesuan autoritate gorena eta Arguesori buruz adierazten du beharrezkoa dela bere deklarazioa "bere garrantzi organikoa, eta, beraz, erabaki ahalmena" ikusita.
Hala, epaileak onartu egiten du Dana Horta Sub Kaltetuen Elkarteak Pradasen eta Arguesoren kontra jarririko kereila, baina atzera bota ditu Larrialdietarako zuzendari nagusiaren kontra, zerbitzuburu baten kontra, Valentziako Segutasun Agentziaren zuzendariordearen kontra eta CHJren presidentearen kontra jarritako kereilak.
Horrexegatik ez ditu onartu Hazte Oirrek CHJren presidentearen eta lau karguren kontra jarritako kereilak ere, "ez baitago zantzurik" euren kontra.
Carlos Mazon presidenteak bere kargutik kendu zuen Salome Pradas 2024ko azaroaren 20an eta bi kontseilari izendatu zituen bere ordez: Juan Carlos Valderrama Zurian Larrialdiak eta Barne kontseilari gisa eta Nuria Martinez Sanchis Justizia kontseilari gisa.
225 hildako eta 3 desagertu
Epaileak 225era igo du hildakoen kopurua eta oraindik hiru pertsona daude desagertuta. Kausan gehitu du, izan ere, leuzemia zuen emakume baten heriotza. Odol trasfusioak eta oxigenoa behar zituen eta laguntza hori gabe geratzearen ondorioz, La Fe Ospitalean hil zen iazko azaroaren 12an.