Politika -

Legez kanpoko finantzaketa

Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak Voxen kontrako ikerketa abiatu du, finantzaketa irregularra egotzita

PSOEk iazko abenduan jarri zuen ultraeskuineko alderdiaren kontrako salaketa, finantzatzean irregulartasunak atzeman zituztela iritzita. Sozialisten arabera, bost milioi euro bildu dituzte legez kanpo.

Voxeko presidentea, Pepa Millan eta Jose Maria Figaredo ondoan dituela, Kongresuan. Europa Press
Voxeko presidentea, Pepa Millan eta Jose Maria Figaredo ondoan dituela, Kongresuan.

Voxeko presidentea, Pepa Millan eta Jose Maria Figaredo ondoan dituela, Kongresuan. Europa Press

Agencias | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak ikerketa abiatu du Voxen kontra, finantzaketa irregularra leporatuta. Ikerketak PSOEren salaketa bat du iturri, iazko abenduan jarritakoa, eskuin muturreko alderdiak dirua biltzeko erabilitako sisteman irregulartasunak atzemanda eta atzerritik jasotakoa legez kanpokoa izan zitekeela iritzita.

Albistea El Independiente egunkariak aurreratu du eta Europa Press albiste-agentziak baieztatu, Fiskaltzaren iturriak aipatuta. Alejandro Luzon fiskalburuak abiatu du ikerketa, finantzaketa irregularraren zantzuak atzeman dituelako.

PSOEk abenduaren 13an aurkeztu zuen salaketa Estatuko Fiskal Nagusiaren aurrean. Salaketaren arabera, Santiago Abascalen alderdiaren finantzatzea "zorrotz" aztertu ostean, Zigor Kodeko 304 bis artikulua —alderdien legez kanpoko finantzaketa arautzen duena— urra zezakeela ondorioztatu zuten.

Sozialisten arabera, gutxienez 2020tik eta gaur egunera, Voxek mahai informatiboak paratu ditu Espainiako hainbat txokotan dirua biltzeko, eta merchandisingaren bidez ere eskudirutan bildu dituzte sosak, modu ez gardenean.

PSOEren irudiko, praktikok "erabat irregularrak" dira, eta uste dute balitekeela bost milioi euro bildu izana. Salatu dutenez, Voxek kontabilitatean jaso beharko lituzke "donazio anonimoak eta promozio-salmentak".

Aipatutakoez gain, Hungariako MBH Bank Nyrt bankuak emandako sei milioi eta erdiko mailegua ere ikertuko du Fiskaltzak. Banketxe horren akziodun nagusia Hungariako Estatu funtsa bat da, eta Viktor Orban lehen ministroarekin lotura zuzena du. PSOEren salaketaren arabera, mailegu horrek legea urratzen du, ez baitago baimenduta alderdiek atzerriko erakunde eta enpresa publikoen partetik maileguak jasotzea.

Voxek berak aitortu du MBH banketxearen bederatzi milioi euroko mailegu bat jaso izana, 2023ko hauteskunde orokorren eta udal hauteskundeen kanpainak ordaintzeko. Argudiatu duenez, Espainiako banketxeek ez zieten "finantzatu nahi izan", eta horretatik jo zuten atzerrira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainia Eguneko albisteak Albisteak Vox