Politika -

Ikerketa batzordea

Rajoyk Kongresuan ziurtatu du ez duela 'Katalunia Operazioa' deiturikoa ezagutzen

Kataluniako buruzagi independentisten eta oro har aurkari politikoen kontra egiteko "polizia patriotikoa" deiturikoaren erabilera aztertzen ari den ikerketa batzordean parte hartu du Espainiako Gobernuko presidente izandakoak.

Mariano Rajoy, gaur, 'Katalunia Operazioa'ri buruzko ikerketa batzordean. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy, gaur, 'Katalunia Operazioa'ri buruzko ikerketa batzordean

Rajoy: ''Ez dut sare parapolizialik izan den berri''

0:34

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohiak ukatu egin du 'Katalunia Operazioa' deiturikoa eta Podemoseko parlamentarien aurkako ustezko espioitza kasuak ezagutzen zituela. "Eskuindarra naiz, baina, batez ere, demokrata. Hori dela eta, ez nituzke inoiz Gorte Nagusietako kideak espiatuko", azpimarratu du.

Kataluniako buruzagi independentisten, eta, oro har, aurkari politikoen kontra egiteko "polizia patriotikoa" deiturikoaren erabilera aztertzeko abian den ikerketa batzordean parte hartu du Espainiako gobernuburu izandakoak (2011-2018). Diputatuen Kongresuan egin duen agerraldiaren hasieran azpimarratu du ez dakiela ezer balizko trama parapolizial horri buruz, ezta ustezko irregulartasun horiei buruz ere.

Aitzitik, Rajoyk esan du Kataluniako prozesuko buruzagi independentistek egindakoen berri baduela. "Hori zuzenean bizi izan nuen eta horren berri eman diezazueket", gaineratu du.

Bestalde, Ione Belarra Podemosen idazkari nagusiari erantzunez, ukatu egin du alderdi morearen buruzagiak zelatatzeko agindua eman izana, eta baita Poliziak horien gaineko bilaketak egin izanaren jakitun zela. Belarrak agerraldian salatu duenez, poliziak ia 7.000 bilaketa egin zituen Podemosen diputatuei buruz 'Katalunia Operazioa' delakoaren testuinguruan, 2015 eta 2016 urteen artean.

Rajoyk gogor erantzun dio Podemoseko kideari, eta alderdi moreko kideen bizitzari buruzko interesik ez duela adierazi dio.

Are gehiago, alderdi moreko kideen aurkako espioitzarik egon izana gezurtatu du Rajoyk. "Nik Poliziari zure talde parlamentarioari baino gehiago sinesten diot", nabarmendu du. Horren aurrean, bere akusazioak egiteko polizia txostenetan oinarritu dela erantzun dio Belarrak.

Belarraren iritziz, Jorge Fernandez Diaz Barne ministro ohiak eta Francisco Martinez Estatuko Segurtasun idazkari izandakoak ezin izan zituzten bilaketa horiek agindu Rajoy horren jakitun izan gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Kataluniako azken albisteak Berriak Politika Rajoy albisteak Alderdi politikoak berriak Albisteak Gaur Eguneko albisteak