Politika -

Erregimen komuna

Zerga Politikako Kontseiluak erkidegoen zorra barkatzea onartu du, PPren kontseilariak alde egin arren

Behin proposamena onartuta, Ogasun Ministerioak aldebiko bilerak abiatuko ditu erkidegoekin, zorren kopurua eta ezaugarriak "zehatz-mehatz" finkatzeko, eta, aldi berean, elkarrizketan hasiko dira talde parlamentarioekin, lege organikoa onartzeko.

Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Ogasun ministroa. Argazkia: EFE
Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Ogasun ministroa. Argazkia: EFE

Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Ogasun ministroa. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluak (CPFF) erkidegoei 83.252 milioi euroko zorra barkatzeko proposamena onartu du gaur. Bozketan erkidego sozialistek baino ez dute parte hartu, PPk gobernatzen dituenak mahaitik altxatu baitira, protesta gisa.

Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Ogasun ministroak prentsaurrekoan azaldu duenez, "beharrezko lehen urratsa" da erregimen komuneko erkidego guztiei mesede egingo dien neurri "berri" baterako.

Monterok ziurtatu duenez, zorra barkatzeak interesetan 6.500 eta 7.000 milioi euro artean aurreztea ahalbidetuko die erkidegoei.

PPk gobernatzen dituen erkidegoek "hitzarmena sinatzearen alde" egingo dutela "apustu" egiteko prest agertu da ministroa, "herritarrentzat ona den" lege bati etekina ateratzeko; izan ere, hori ez egitea, kontseilariren batek esan duen bezala, "kaltea" litzateke herritarrentzat.

Kontseiluan proposamena onartu ondoren, Ogasun Ministerioak aldebiko bilerak abiatuko ditu erkidegoekin, zorren kopurua eta ezaugarriak "zehatz-mehatz" finkatzeko, eta, aldi berean, elkarrizketan hasiko dira talde parlamentarioekin, lege organikoa onartzeko.

Azkenik, legea Gorteetan behin onartuta, aldebiko bilera-sorta bat abiatuko da, hala nahi duten erkidegoek hitzarmena sina dezaten.

Prozesu horretan, PPk gaurko "umekeriari" eutsiko diola uste du Monterok, nahiz eta alderdi horrek gobernatzen dituen erkidegoei 60.000 milioi euroko zorra (proposatutako guztiaren % 72) barkatu.

PPk planto egin du

PPk gobernatutako hamabi erkidegoak, Andaluzia, Kantabria, Galizia, Valentzia, Murtzia, Errioxa, Balear Uharteak, Aragoi, Gaztela eta Leon, Madril, Extremadura eta Kanaria Uharteak (CCrekin koalizioan), ordubeteko bileraren ostean mahaitik altxatu dira, erkidegoen finantziazioa erreformatu beharrean zorra barkatzea "tranpa" dela iritzita.

Bileran PSOEk gobernatzen dituen hiru eskualdeak (Katalunia, Asturias eta Gaztela-Mantxa) egon dira, baita Nafarroa ere, baina ez du bozketan parte hartu, foru erregimenetik kanpo dagoelako.

Monterok PPko kontseilarien "desleialtasunaren" aurka egin du, bere ustez "aurrekaririk gabeko funtzioen utzikeria" egin dutelako, Genovaren agindua jarraitzeagatik soilik mesede egiten dien neurri baten kontra bozkatu behar ez izateko helburu bakarrarekin.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Katalunia Politika Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Madril Galizia Kantabria Kanariak Balearrak Asturias Valentziako Erkidegoa Errioxa Aragoi