Politika -
Legegintzaldi ituna
PSOEren eta Juntsen arteko nazioarteko bitartekariak konfiantza-galdea erretiratzea eskatu du
Francisco Galindo Velezek eskaera hori egin dio Juntsi, "gaurdaino landu diren gai garrantzitsuenen harira datozen asteetan irekiko den testuingurua" dela eta.
agentziak | eitb media
Francisco Galindo Velez PSOEren eta Juntsen artean bitartekari lana egiten ari den nazioarteko bitartekariak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari konfiantza-galdea egiteko proposamena bertan behera uzteko eskatu dio Juntsi.
PSOEren eta Juntsen ordezkariak Suitzan elkartu ziren aurreko ostiralean legegintzaldirako itunaren baitan hilero egitea adostu zuten moduan, Kongresuan konfiantza-galdea egiteko proposamena eztabaidatu baino egun batzuk lehenago.
Bilera horietan agerian geratu omen dira bi alderdien artean "dauden desadostasunak, gainditzeko dauden zailtasunak, eta akordioetara iristeko eta urrats garrantzitsuak egiteko bi aldeak egiten ari diren esfortzuak", adierazi du diplomazialari salvadortarrak ohar batean.
Galindok esan du "egia" dela oraindik ez direla egikaritu PSOEk eta Juntsek iaz egindako akordioaren puntuetako batzuk, Pedro Sanchezen gobernuaren omnibus dekretua bideratzea ahalbidetu zutenak, besteak beste.
Hala ere, Junsti eskatu dio atzera egin dezala konfiantza-galdearen proposamenean, "gaurdaino landu diren gai garrantzitsuenen harira datozen asteetan irekiko den testuingurua" dela eta.
"Espazio hori desegitea atzerapauso handia izango litzateke, urrats horiek geldiaraziko lituzkeena", azaldu du.
PSOEren eta Juntsen ordezkariak batzarrak egiten ari da Suitzan legegintzaldi hasieratik, eta ostiral honetan aurrerapausoak eman nahi zituzten gai korapilatsu batzuetan, tartean immigrazioarekin lotutako eskumena Kataluniaren esku uztearen inguruan.
PSOEk eta Junstek eskumen transferentzia hori adostu zuten aurreko urtean, eta hori izan zen, hain zuzen ere, lehenengo omnibus dekretuari bide eman ziona.