Politika -

ERREAKZIOAK, OFIZIALTASUNA

Pradales lehendakaria: "Berri bikaina da pilotarentzat, euskal kirolarentzat eta baita euskararentzat ere"

Albiste "bikaina" dela esan du lehendakariak. "Ofizialtasun hori urrats bat gehiago da gure nazioa aitortzeko", gaineratu du. Eusko Jaurlaritzak ere "historikoa" dela esan du, baita "bidelagun" izango direla ofizialtasunaren bidea landu nahi duten federazio guztientzat ere.

Imanol Pradales lehendakaria Ajuria Enean. Argazkia: EFE
Imanol Pradales lehendakaria Ajuria Enean. Argazkia: EFE
Imanol Pradales lehendakaria Ajuria Enean. Argazkia: EFE

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioak bilera egin du gaur goizean Iruñean, eta Euskadiko Pilota Federazioa Nazioarteko Federazioko eskubide osoko kide izatea onartu du bertan.

Euskadiko Federazioaren pozarekin bat egin du Imanol Pradales lehendakariak ere. "Euskadiko Pilota Federazioa Nazioarteko Federazioko kidea da dagoeneko. Berri bikaina da pilotarentzat, euskal kirolarentzat eta baita euskararentzat ere", idatzi du X sare sozialean duen profilean.

"Ofizialtasun hori urrats bat gehiago da gure nazioa aitortzeko. Urrats garrantzitsua da gure Herriaren nazioarteko proiekziorako eta gure hizkuntza eta kulturarentzako espazio berriak konkistatzeko, izan ere, euskara nazioarteko pilota txapelketetako hizkuntza ofiziala izango da", idatzi du Pradalesek.

Hala, gaurko erabakiarekin "egia bihurtu da ametsa", nabarmendu du: "Euskal pilota hemen jaio eta mundura zabaldu den kirola da, eta gure selekzioa ofizialki lehiatu ahal izatea egia bihurtutako ametsa da. Eusko Jaurlaritzak euskal kirol federazioei ofizialtasuna lortzen laguntzen jarraituko du".

Euskal selekzioa Argentinako 2026ko Munduko Txapelketan edo Euskadiko 2030ekoan lehiatzen imajinatzea "zirraragarria" dela gehitu du lehendakariak, eta "Urratsez urrats, ofizialtasuna" mezuarekin amaitu du.

Eusko Jaurlaritza: "Estatutuen aldaketa bati esker euskara laneko hizkuntza ofiziala izango da, ingelesarekin, frantsesarekin eta gaztelaniarekin batera"

Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak "historikotzat" jo du FIPVk gaur hartu duen erabakia, eta esan du "estatutuen aldaketa bati esker euskara laneko hizkuntza ofiziala" izango dela, "ingelesarekin, frantsesarekin eta gaztelaniarekin batera". Era berean, Jaurlaritzaren prestutasuna berretsi du ''bidelagun izateko gure selekzioek ofizialtasuna lantzeko bidean''.

Eusko Jaurlaritza: ''Bidelagun izango gara gure selekzioek ofizialtasuna lantzeko bidean''
Eusko Jaurlaritza: ''Bidelagun izango gara gure selekzioek ofizialtasuna lantzeko bidean''
Eusko Jaurlaritza: ''Bidelagun izango gara gure selekzioek ofizialtasuna lantzeko bidean''

1:25

Pozik baina "kautelaz", Enbil

Pozarren egon arren, "kautelaz" jokatzeko asmoa agertu du Gotzon Enbil Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidenteak; izan ere, gaur hartutako erabakiaren kontra helegiteak egotea espero dute. Zehazki, Espainiako eta Kubako Federazioen helegiteak espero dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kirolak Pilota Politika Euskal Selekzioa bideoak Eguneko albisteak Albisteak Azken ordukoa Imanol Pradales