Politika -
Legebiltzarra
EAJk, PSE-EEk eta PPk bat egin dute Ertzaintzaren defentsarako bitartekoak gaurkotzea eskatzeko
Horretarako, kontuan hartuko dira delinkuentzia moten bilakaera eta berrikuntza teknologikoan izandako aurrerapenak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
EAJk, PSE-EEk eta PPk zuzenketa bat adostu dute ostegun honetan Eusko Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko Ertzaintzako langileen baliabide teknikoak eta defentsa-bitartekoak eguneratu ditzan.
Ganberak onartutako zuzenketan zehazki eskatzen da eguneratze hori Ertzaintza Modernizatzeko Planaren barruan egitea, Ertzaintzako langileekin etengabeko elkarrizketaren bidez.
Horretarako, "delinkuentzia moten bilakaera" eta berrikuntza teknologikoan egindako aurrerapenak hartuko dira kontuan. Onartutako ekimenak zuzenketa sinatu duten taldeen babesa izan du, baita Voxena ere. EH Bildu abstenitu egin da.
Eztabaida hori PPren mozio baten bidez eraman da Legebiltzarrera. Ainhoa Domaica legebiltzarkideak EAJk eta PSEk defentsarako materialak eguneratzeko duten konpromisoa baloratu du.
Domaikak gogora ekarri du Euskadin azkenaldian delituek gora egin dutela eta arma zuriak ugaritu egin direla, eta, ekimenean TASER (deskarga elektrikoak botatzen dituzten armak) pistolei buruz hitz egiten ez den arren, Ertzaintzaren unitate batzuetan jada erabiltzen diren armak defendatu ditu, eta horien erabilera herritarren babeserako eta trafikoko unitateetara zabaltzeko eskatu du.
Hala ere, onartutako ekimenean ez da TASER pistolei buruz ezer esaten; izan ere, Jon Andoni Atutxa EAJren legebiltzarkideak gogorarazi duenez, arma "ez hain hilgarriak" diren arren, ez du esan nahi horiek erabiltzeak arriskurik ez dakarrenik.