Politika -
DIMISIOA
Lobatok dimisioa eman du PSOEren Madrilgo idazkari nagusi gisa
"Ez jarraitzeko erabakia hartu dut", adierazi du hedabideetara bidalitako eskutitz batean, eta, bertan, adierazi du bere dimisioak Madrilgo PSOEren barruan sortzen ari zen "liskar eta zatiketa egoera larri bati galga jarri" nahi diola.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Juan Lobatok utzi egin dio Madrilgo PSOEko idazkari nagusi izateari, Pilar Sanchez Acerarekin (Moncloako kargua) Isabel Diaz Ayusoren mutil-lagunaren kasuari buruz izandako elkarrizketa pribatu bat notarioaren aurrean erregistratu eta lehertutako eztabaidaren ostean.
"Ez jarraitzeko erabakia hartu dut", adierazi du hedabideetara bidalitako eskutitz batean, eta, bertan, argitu du bere dimisioak Madrilgo PSOEren barruan sortzen ari zen "liskar eta zatiketa egoera larri bati galga jarri" nahi diola.
Madrilgo PSOEren barruan alderdiari "traizioa" egin izana leporatzen zioten, eta Espainiako hiriburuko alderdikideek, ia aho batez, bere lepoa eskatzen zuten. Hartutako erabakiarekin hots horiek isilduko dituelakoan dago.
Bien bitartean, Madrilgo sozialistek Oscar Lopez Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio Publikoko ministroaren kargu horretarako hautatzea espero dute, Ferrazen apustu gisa, Madrilgo federazioaren kapitulu nahasi berri bati amaiera emateko.