Politika -
Barne prozesua
Goiak eta Lasak uko egin diote GBBko presidente izateko prozesuari, Arrizabalaga hautagai bakar gisa utzita
Arabako EAJn, Ollorak, Cuerdak eta Beltran de Herediak Gorka Urtaranen alde egin dute. Bizkaian bi asanbladen babesa lortu zuen David Salinas-Armendariz hautagaiak prozesuan aurrera egingo duela iragarri du, eta Iñigo Ansolarekin lehiatuko da.
EITB MEDIA
Eneko Goiak eta Imanol Lasak uko egin diote GBBko presidente izateko prozesuan jarraitzeari, eta, beraz, Maria Eugenia Arrizabalaga izango da hurrengo fasera igaroko den hautagai bakarra.
EITBk aurreratu duenez, Goiak eta Lasak ez dute Joseba Egibar ordezkatzeko prosezuan jarraituko, baina Lasaren kasuan burukide izateko hurrengo fasera pasatzea onartu du.
Aldaketa horren ostean, Arrizabalgari bidea erraztu diote EAJren Gipuzkoako zuzendaritzaren buru izateko. Egibarrek, 33 urteren ostean, buru izaten jarraituko ez duela iragarri eta gero abiatu zen prosezua.
Hurrengo fasea azaroaren 7an hasi eta 17an amaituko da.
Horrela, urriaren 17an hasi zen EAEko hiru zuzendaritza batzordeen berrikuntza osorako prozesuak aurrera jarraitzen du — Unai Hualdek eta Peio Etxelekuk NBBren eta IBBren buru izaten jarraituko dute —.
Jelkide ezagunek Urtaranen alde egin dute Araban
18 jelkideko talde batek (tartean Arabako EAJren barruan izen garrantzitsuak; besteak beste, Juan Mari Ollora ahaldun nagusi ohia, Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate ohia eta Estefania Beltran de Heredia sailburu ohia) Gorka Urtaran hautagaiaren aldeko manifestua sinatu dute.
"Gutun hau idazten dugunok ziur gaude Gorka Urtaran dela Araban EAJ zuzentzeko hautagai egokiena", esan dute idatzi batean.
"Etorkizuna saretzeko aukera ematen digun aldaketa prozesu batean gaude. Batasunetik eta adostasunetik lor dezakegu, guztion parte-hartzea sustatuz, elkarrizketa eta eztabaida tarteko. Gorka Urtaranek konpromisoa du alderdiarekin, Arabarekin eta Euskadirekin. Pertsona zein politiko gisa hazi da, duela 130 urtetik bereizten gaituzten baloreak eta printzipioak besarkatuz", erantsi dute.
Bi hautagai Bizkaian
Bizkaian, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko presidente ohiak irabazi zuen joan den astean ia udal batzar guztietan, baina hautagai alternatibo bat, David Salinas-Armendariz, bi batzarretan aukeratu zuten, eta Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidente izateko hurrengo fasera pasatzeko aukera eman zioten emaitza horiek.
Ostiral honetan, Salinas-Armendarizek prozesuan aurrera egingo duela iragarri du eta Berme eta Kontrol Batzorde Nazionalari BBBko Lehendakaritzarako bigarren itzulian parte hartzeko asmoa duela adierazi diola baieztatu du.