Politika -
Zigorren kommutazioa
Estatuko Aldizkari Ofizialak Zigorrak kommutatzeko legea argitaratu du eta 20 egun barru sartuko da indarrean
Zigorrak kommutatzeko lege erreforma, hasiera batean, aho batez onartu zuten Diputatuen Kongresuan, eta Senatuan PPren eta Voxen babesa galdu ondoren, Goi Ganberak atzera bota zuen.
Agentziak | EITB Media
Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) ETAko presoei Europan betetako zigorrak kommutatzeko aukera ematen dien lege erreforma argitaratu du gaur, larunbata, eta 20 egun barru sartuko da indarrean.
Zigorrak kommutatzeko lege erreforma, hasiera batean, aho batez onartu zuten Diputatuen Kongresuan, eta Senatuko azken fasean PPren eta Voxen babesa galdu zuen, AVTk ETAko presoei ere eragingo ziela salatu ondoren. Ondorioz, Goi Ganberako Osoko Bilkurak atzera bota zuen legea astelehenean, urriaren 14an.
Azken bozketan gehiengo osoz atzera botatze hori beto gisa interpretatu behar zela uste zuen Senatuak, nahiz eta talde bakar batek ere ez zuen aurretik osoko zuzenketarik aurkeztu.
Kongresuko letratuen arabera, Senatuak legea gehiengo osoz baztertzea ez da betoa, horretarako aurrez osoko zuzenketa aurkeztu beharra zegoelako (ezein taldek ez zuen halakorik egin). Bestela argudiatu zuten Senatuko abokatuek. Horien ustez, Goi Ganberak arau bat gehiengo osoz baztertzen badu, osoko zuzenketarik ez badago ere, "betotzat" hartu behar da erabakia, eta Kongresuak berriro eztabaidatu behar du legea, hura gehiengo osoz onartzeko edo, bestela, betoa baieztatzeko.
Kongresuko Mahaiak zigorrak kommutatzeko legea onartutzat ematea erabaki zuen, PSOEk eta Sumarrek osatzen duten gehiengoarekin, eta Gobernuari bidaltzea erabaki zuen, Senatuaren erreklamazioari jaramonik egin gabe, eta Goi Ganberak araua betatzeko epe guztiak gainditu zituela azpimarratuta.
Gauzak horrela, Alfonso Rodriguez Gomez de Celis Kongresuko lehen presidenteorde eta PSOEko diputatuak Senatuan "trikimailu" bat erabiltzea leporatu zion PPri.
PPk ez du baztertzen Auzitegi Konstituzionalera jotzea
PPk Senatuan duen bozeramaile Alicia Garciak aurreratu du auzia Auzitegi Konstituzionalera eramateko aukera aztertzen ari dela, baldin eta Francina Armengolek presidente sozialistak bere asmoa berresten badu.
Senatutik emandako prentsaurreko batean, popularren eledunak iragarri du Kongresuko Mahaiari eskatu diotela lege horren bozketa eztabaida saio batera eramatea.
Voxek, bere aldetik, iragarri du Auzitegi Konstituzionalera jotzea aztertzen ari dela.