Politika -
EAJ
Joseba Egibarrek ez du jarraituko Gipuzkoako EAJ zuzentzen
Buruzagi jeltzaleak aurreko legealdian utzi zuen Eusko Legebiltzarrean zuen eserlekua, eta orain, EITB Mediak aurreratu duenez, ez du GBB zuzentzeko barne prozesuan parte hartuko, ezta EBB berritzekoan ere.
E.G. | EITB Media
Joseba Egibar Gipuzkoako EAJren buruzagi beteranoak ez du Euzko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) zuzendaritzan jarraituko, EITB Mediak aurreratu duenez. Egibar 33 urtez izan da Gipuzko Buru Batzarreko (GBB) buru.
Bolo-bolo zebilen Andoaingo politikariak Itxaso Atutxaren (BBB) eta Jose Antonio Susoren (ABB) bidea har zezakeela, eta horrenbestez, EAJren EAEko hiru lurralde batzarren eraberritzeari bide ematea —Unai Hualdek eta Peio Etxelekuk jarraituko dute Napar Buru Batzarra eta Ipar Buru Batzarra zuzentzen—.
EAJren ildo ofizialak Maria Eugenia Arrizabalaga (Zumaia, 1967) proposatu du kargurako. Jeltzaleek atzo ekin zioten lurralde zuzendaritzak berritzeko barne-hauteskunde prozesuari, eta azaro amaieran onartuko dituzte buruzagi berriak.
EAEko azken hauteskundeetan Egibar ez zen EAJren zerrendan aurkeztu, eta, hala, aurreko legegintzaldia izan zuen azkena Eusko Legebiltzarrean (34 urtez egon da eserlekuan)
Buruzagi jeltzalea EAJren EBBko kide da gaur-gaurkoz, baina hor ere ez du karguan jarraituko, ez baita urtarrilean hasiko den prozesura aurkeztuko.