Politika -
Fiskal nagusia, ikerketapean
Garcia Ortizek errugabea dela berretsi du: "Ez nik ezta nire ingurukoek ere ez genuen emailik filtratu"
Erakundeak kaleratu zuen oharra hedabideetan esandako "gezurra" ezeztatzeko helburua zuela nabarmendu du. Garcia Ortiz fiskalen buruzagitzarekin bilerak ditu gaur kargua jarraitzeko hartutako erabakia azaltzeko.
Agentziak | EITB Media
"Ez nik ezta nire ingurukoek ere ez genuen emailik filtratu, begi bistakoa da hori. Horregatik, besteak beste, Estatuko fiskal nagusiak ez du dimisioa eman behar", irmo mintzatu da Alvaro Garcia Ortiz fiskalburua Gorenak sekretuak agerrarazteagatik ikertuko duela jakin berritan. TVEn elkarrizketa egin diote bart, eta bertan egin ditu adierazpenak.
Halaber, eta Fiskaltzak Gonzalez Amador Isabel Diaz Ayusoren bikotekidearen inguruan atera zuen oharrari buruz, nabarmendu du helburua zela hedabideetan zebilen "gezurra ezeztatzea". "Prentsa oharraren helburu bakarra gezurra ezeztatzea zen. Ez dauka zentzurik prentsa oharra egitea, eta, aldi berean, emailak filtratzea. Ez du zentzurik", gaineratu du.
Horren ildoan, adierazi du "berriro" egingo lukeela oharra, baina aitortu du "ondorio arbuiagarriak" izan dituela. "Beraz, uste dut ez nukeela berdin egingo, baina nire egoeran, berriro egingo nuke, prentsa ohar hori beharrezkoa zen. Egia ez zen informazio bat zegoen, eta Fiskaltzaren izen ona zalantzan jartzen zuen", nabarmendu du.
Azaldu duenez, hedabide batean argitaratuta ikusi arte ez zituen ezagutzen Gonzalez Amadorren abokatuaren eta Madrilgo fiskalburuaren arteko emailak. "Tarte horretan —emaila eskatu zituenetik jaso zituen arte— Fiskaltza bezalako erakunde batean jende askok ikusi ahal izan ditu", argitu du. "Nazkagarriak" direla iritzita, filtrazio guztiak ikertzeko deia egin du; "bistan denez, ez dira denak ikertzen", deitoratu du.
Aitortu du "kezkatuta" dagoela Gorenaren erabakiarekin, eta azpimarratu bera ez dagoela "ikertua edo auzipetua". "Autoak dioena da Gorena dela ikertzeko eskumena duena, berak bakarrik iker dezake filtrazioa Estatuko fiskal nagusiak egin ote duen", azaldu du.
Garcia Ortizen aburuz, Fiskaltzak erakunde "indartsua" izan behar du, "jaso ditzakeen erasoei eusteko gai". "Uholde txiki batek ezin du Estatuko fiskal burua eraman, horretarako tsunami bat beharko litzateke; hori da eman behar dugun mezua", esan du.
Fiskalburuak azalpenak emango ditu gaur Salako Fiskalen Batzordean (09:30ean) eta Fiskalen Kontseiluan (16:00etan). Tentsio beteko batzarrak espero dira, Fiskalen Elkarteak (kontserbadorea eta gehiengoa duena) eta Fiskalen Elkarte Independente Profesionalak dimisoa eskatu baitute.