Politika -

ETXEBIZITZA LEGEA

Etxebizitza Legea "moldatzea" eskatu du EAJk, eta Sanchezek araua betetzeko "denbora"

Legeak, besteak beste, Katalunian izan dituen ondorio "positiboak" nabarmenduz erantzun dio Espainiako Gobernuko presidenteak buruzagi jeltzaleari. Errenteria etxebizitza eremu tentsionatu izendatzea ere berri ona dela esan du Sanchezek.

Aitor Esteban, gaur, Kongresuan. Argazkia: EFE
Aitor Esteban, gaur, Kongresuan.
Aitor Esteban, gaur, Kongresuan. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iazko maiatzean indarrean sartu zenetik, Etxebizitza Legeak "paradigma aldatzea" eta "eremu tentsionatuetan alokairuaren prezioa % 5 jaistea" ekarri du. Hala esan du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, gaiari buruz Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen diputatuak egin dion galderari erantzunez. Nolanahi ere, erkidegoek araua "garatzeko eta betetzeko denbora" eskatu du buruzagi sozialistak.

Legeak izan duen eraginari buruzko gogoeta egitea beharrezkoa ikusten duen galdetu dio Estebanek gobernuburuari, eta azken horrek erantzun araua ondorio positiboak uzten ari dela hainbat udalerritan. Adibiderako, Katalunia jarri du. Han, 140 udalerri izendatu dituzte eremu tentsionatu eta etxebizitzen alokairuaren prezioa % 5 jaitsi da hilabete gutxiko epean. "Azken 20 urteotan izandako jaitsierarik handiena da", esan du presidenteak. Horren harira, Errenteriaren kasua ere goratu du. Datuokin, gaiaz hitz egiteko eta eztabaidatzeko prestutasuna agertu du.

Erreplikarako txandan, Estebanek Etxebizitza Legearen "zuloak" nabarmendu ditu. Bere hitzetan, besteak beste, etxebizitza turistikoen erabilera ez du arautzen legeak, eta horrek jabeen ezinegona eragin du. "Alokatzeko etxebizitzen eskaintzak nabarmen egin du behera EAEn, % 30", zehaztu du.

Kataluniako egoerari buruz, berriz, EAJko diputatuak azaldu du alokairuaren prezioa jaitsi bada ere, eskaintza % 17 murriztu dela. Zentzu horretan, alokairurako etxebizitzen eskaintza zabaltzeko politikak galdegin ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSOE Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza