Politika -
Aurrekaririk gabeko erabakia
Garcia Ortizek ez du dimisioa emango, Gorenak haren kontra zabaldutako auzibidea gorabehera
Estatuko fiskalburuak ohar bidez esan duenez, karguari eustea "erakundea gutxien kaltetuko duen eta zuhurrena" den erabakia da, "epe ertain eta luzera". Bestalde, "gogoeta sakona" egiteko deia egin du ebazpen horri buruz eta "Espainiako justizian dituen ondorioez".
EITB Media
Sekretuak agerraraztearen delitua egotzita, Auzitegi Gorenak ikerketapean jarri du Alvaro Garcia Ortiz Estatuko fiskal nagusia. Bada ebazpenaren berri jasota, dimitzea baztertu du fiskalak.
Garcia Ortizek sei puntuko ohar batean dioenez, karguari eustea "erakundea gutxien kaltetuko duen eta zuhurrena" den erabakia da, "epe ertain eta luzera".
Fiskalburuaren arabera, "albisteak izango duen oihartzun publikoaren jakitun" da, eta ikerketak Estatuko gainerako fiskalei ere eragingo diela ere badaki. Dena den, uste du "egoera behin aztertuta", karguan jarraitzea dagokiola "Legea eta Zuzenbide Estatuari zor dion errespetuagatik".
Hala, dimisioa ez emateko arrazoiak azaltzeko Salako Fiskalen Batzordearen eta Fiskalen Kontseiluaren bilerak deitu ditu ostegunerako (09:00etan, lehena; 16:00etan, bigarrena). Batzarrotan "erabakia azaldu, dagozkion azalpenak eman eta kideen adierazpenak entzungo" dituela azaldu du.
Garcia Ortizek uste du "zuhurtzia osoz" mintzatu behar dela "eskua sartzeko edo epaileengan eragiteko asmo gisa" jaso ez dadin, baina ohartarazi du aurrekaririk ez duen erabakia dela, eta horrenbestez, "gogoeta sakona" egin behar dela "gertakarien inguruan" eta horiek "Fiskaltzaren etorkizuneko jardunean zein Espainiako justizia osoan izan ditzaketen ondorioez".
Fiskalburuaren esanetan, auzia Konstituzioak eta Legeak Fiskaltzari ematen dizkion eskumenen baitan dago. Horren harira, gogora ekarri du Ministerio Publikoak "ezagutzen dituen garrantzizko gaien berri" eman behar duela herritarrek egiazko informazioa jasotzeko duten eskubidea bermatzeko, "are gehiago, erakundearen eta hainbat kideren izen ona zalantzan jarri zuten gezur eta faltsukeriaren aurrean".
Azkenik, azpimarratu orain, ikertu gisa, "defentsarako eskubidea" gauzatzeko aukera izango duela. Izan ere, "orain arte" ez du halakorik egiterik izan.