Politika -

VALENTZIA

Eduardo Zaplanari 10 urte baino gehiagoko espetxe zigorra ezarri diote

Valentziako Probintzia Auzitegiak espetxe zigorra ezarri dio ministro ohi eta Valentziako Generalitateko presidente ohiari funtzionario-eroskeriagatik eta kapitala zuritzeagatik, eta 25 milioi euroko isunak ezarri dizkio, baita 17 urtez enplegu eta kargu publikorako gaitasungabetzea ere.

Eduardo Zaplana. EFE.
Eduardo Zaplana
Eduardo Zaplana. EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eduardo Zaplana PPko ministro ohi eta Valentziako Generalitateko presidente ohiari 10 urte eta 5 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote, funtzionario-eroskeria, kapitalak zuritzea, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta prebarikazioa egotzita, IATen pribatizazioan eta Valentziako Erkidegoko Plan Eolikoaren esleipenetan.

Halaber, 25 milioi eurotik gorako isunak eta 17 urte eta 10 hilabeteko inhabilitazio zigorra ere ezarri dizkiote enplegu eta kargu publikorako, eta beste 3 bere lanbidean aritzeko.

Bestalde, Auzitegiak absolbitu egin du talde kriminalean parte hartzearen delitutik, baina auziaren instrukzioan atzemandako hainbat ondasun eta zenbateko konfiskatzeko agindua eman du.

Beste bost akusaturi, tartean Vicente eta Jose Cotino enpresariei, urtebete eta hiru hilabete eta zazpi urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri die Salak, prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, faltsutzea eta dirua zuritzea egotzita.

"Erial" auziko gainerako zortzi akusatuak, Jose Luis Olivas Generalitateko presidente ohia barne, absolbitu egin dituzte, Fiskaltzak hiru akusaturentzat akusazioa kenduta, kondena ezartzeko moduko frogarik ez dagoela iritzita, Valentziako Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez.

Valentziako Probintzia Auzitegiko laugarren sekzioaren epaiak 364 orrialde ditu, ez da irmoa, eta kasazio helegitea aurkez dezakete Auzitegi Gorenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Eguneko albisteak Albisteak Valentziako Erkidegoa