Politika -
Ustelkeria
Feijook Zuzendaritza Batzordearen premiazko bilera egingo du igande honetan, 'Koldo auzia'ri erantzuna emateko
Abalosek Sanchezi Delcy Rodriguez Venezuelako presidenteordea Espainiara joango zela jakinarazi ziola eta beste informazio batzuk zabaldu ostean deitu du batzarra.
agentziak | eitb media
Alberto Nuñez Feijoo PPren buruzagiak alderdiaren Zuzendaritza Batzordearen premiazko batzarra egingo du igande honetan, 'Koldo auzia'ren inguruan azken egunotan jakin diren informazioei erantzuteko, besteak beste zabaldu baita Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bazekiela Delcy Rodriguez Venezuelako presidenteordea Espainiara joango zela.
PPk iragarri duenez, bilera 11:00etan egingo dute, alderdiaren egoitza nagusian, "egoeraren larritasuna" aztertzeko, eta datorren astean bilerak dituztelako eragile sozial eta ekonomikoekin.
Zuzendaritza Batzordearen bileraren ostean, Cuca Gamarra idazkari nagusiak prentsaurrekoa emango du.
PPk atzo zabaldutako prentsa-oharrean batzarra deitzeko azken berrietako batzuk aipatu dituzte, tartean Espainiako Gobernuak "gezur handiak" esan izana "Maduroren presidenteordeak Espainiara egin zuen bidaiari buruz".
"PSOEren egoitzara diruz betetako poltsak eramaten zituzten enpresariak" ere aipatu ditu PPk oharrean, "Espainiako Gobernuan aurrekontu handienetakoa duen ministerio bateko aholkulari nagusi izendatu zuten putetxe bateko atezainak erositako" guardia zibilekin batera.