Politika -
''Koldo auzia''
Abalos, "Koldo auzian" ikertua izateko zorian
Guardia Zibilaren txostenaren arabera, ministro ohiak "erantzukizuna" izan zuen maskarak saltzeko ustelkeria sarean. Air Europaren erreskatean ere bitartekari lanak egin zituela uste du UCOk. Pedro Sanchez irmo mintzatu da balizko inputazio baten aurrean: "Ez da inpunitaterik egongo".
Agentziak | EITB Media
Jose Luis Abalos Garraio ministro sozialista ohia eta diputatuaren inputazioa gero eta gertuago dagoela dirudi, Guardia Zibilak "Koldo auzia" ikertzen ari den epaileari bidalitako txostenari erreparatuta. Horren arabera, ustelkeria-sarean "erantzukizuna eta rol garrantzitsua" izan zuela erakusten duten zantzuak daude.
Txostena jasota, Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak idatzia bidali dio Francina Armengol Kongresuko presidenteari Abalosen "forudun izaera" baiezta dezan. Izapidea ikertu aurreko pausotzat hartu dute, hori baita prozedura. Behin diputatua dela egiaztatuta, epaileak ikertzeko arrazoien idatzia igorri beharko dio Auzitegi Gorenari, organo hori baita forudun bat ikertzeko eskumena duena.
Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboaren (UCO) txostenaz galdetuta, Abalosek erantzun du espero zuela, baina azpimarratu du errugabea dela: "Nik ez nuen inongo saretan parte hartu".
Pedro Sanchez Espainiako presidenteari ere itaundu diote, eta irmo mintzatu da. "Beste garai batzuetan ez bezala, nire gobernuarekin ustelkeria kasuren bat badago, ez da inpunitaterik egongo. Egiten duenak ordaindu beharko du", azpimarratu du.
Abalosen "rol garrantzitsua"
UCOk adierazi du sarearen ustezko "lortzailea", Victor de Aldama, Abalosekin eta haren aholkulari Koldo Garciarekin izandako harremanaz baliatu zela Air Europa erreskatatzeko kontzesioan "eragiteko".
De Aldamaren eskutik Garciak ustez jaso zituen ordainketak aipatu dituzte ikertzaileek, ministro ohiaren aholkulari ohiarengana eta Abalos berarengana heltzeko helburuarekin eginak.
"De Aldamak, Garciaren etengabeko parte-hartzearekin, Ministeriora eta ministroarengana berarengana jotzeko aukera ia mugagabea zuen", UCOk ikertutako kontratuen testuinguruan azaldu duenez.
Txostenean jasotakoaren arabera, eskudirutan egindako ordainketa horiekin batera beste kontraprestazio batzuk eman zizkioten Abalosi: ministro ohiari "oso modu pertsonalean lotutako" emakume baten alokairua ordaindu zioten eta De Aldamak txalet bat erosi zuen La Linea de la Concepcionen (Cadiz), Abalosek erabiltzeko.
Guardia Zibilaren ustez, Koldo Garcia zen orduko ministroarengana "heltzeko bidea", baina aholkulari ohiak "Abalosen zuzeneko jarraibideak" ematen zituen eta "azkenean" berak erabakitzen zuen "kontratua gauzatzen jarraitzea".