Politika -

ETA-REN BIKTIMAK

ETAren biktimen artean haserrea eragin du PPk atzo Kongresuan erakutsitako argazkiak

ETAk hildako hamabi kide sozialistaren argazkiak zituen irudia erakutsi zuen atzoko saioan Miguel Tellado PPren eledunak. Biktima horien senideei begietara begiratzeko gai ote diren galdetu zien sozialistei buruzagi popularrak. Ekintza horrek biktima askoren haserrea eragin du.

Tellado, atzo, Kongresuan.
Tellado, atzo, Kongresuan.
Tellado, atzo, Kongresuan.

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Migrazioari buruzkoa behar zuen eztabaida, azken egunotan zeresana ematen ari den Europan betetako zigorrak aintzat hartzeko lege-erreformari buruzkoa bihurtu zuen atzo Alderdi Popularrak, Kongresuan. ETAren gaia atera zuen, beste behin, Espainiako Gobernuaren kontra egiteko, eta ika-mika gogor baten erdian, irudi bat erakutsi ere bai Miguel Tellado PPren bozeramaileak, aldamenean zuen Macarena Montesinos alderdikidearen irri artean: ETAk hildako hamabi kide sozialista ageri ziren bertan.

Berehala iritsi da zenbait biktimaren erantzuna, bereziki, irudi horretan senideen aurpegiak ikusi zituztenena. Haserre eta minduta hitz egin dute denek, X sare sozialean zabaldutako mezuetan.

Maria Jauregi, Juan Maria Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibila izandakoaren alaba, izan da erantzuten aurrenetakoa. Aitaren irudia aurkariei "eraso egiteko ez erabiltzeko" eskatu dio Telladori. "Ea gai zaren niri begietara begiratu eta aitaren argazkia eraso egiteko ez duzula berriro erabiliko esateko. Ea, behingoz, bere memoria errespetatzen duzun", idatzi du.

Ondoren etorri zen Josu Elesperen mezua. Froilan Elespe zinegotzi ohi sozialistaren semeak honakoa idatzi zuen: "Eskerrak gizon honek esandakoa bost axola zaidan. Bestela, aitaren argazkia hain modu zikinean nola erabiltzen ari den ikusteak, gonbitoka jarriko ninduke".

Sandra Carrascok ere, Isaias Carrasco zinegotzi ohi sozialistaren alabak, gogor egin du PPren kontra, "lotsagabe" deituz: "Biktimak ez erabiltzea zer den ez dakizue, ala? Lotsagabe hutsak zarete. Ez dut nire aitaren argazkia berriro zuen eskuetan ikusi nahi".

Harago joan da Gorka Landaburu ETAren atentatu baten biktima izan zen kazetaria, eta Tellado eta Montesinos "berehala kargugabetu" beharko lituzketela esan du: "Non zeuden astakirten hauek ETAren garaian? Ez da jasangarria, ezta onargarria ere, ETAren biktimen instrumentalizazioa. Duintasunaren eta gutxieneko errespetuaren marra guztiak gainditu dituzte".

Haserrea agertzen azkenetakoa Consuelo Ordoñez Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (Covite) presidentea izan da, eta gogor hitz egin du hark ere. "Bizitzan ikustea egokitu zaidan irudirik higuingarrienetakoa izango da hau. Oso ondo adierazten du ETAk hildako gure senideak zuentzat zer diren. Kendu itzazue zuen esku zikinak gure senide maiteen gainetik! Ezin higuingarriagoak zarete!"

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE PP Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak