Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Zigorrak kommutatzeko legea ETAren biktimei egindako "beste bidegabekeria bat" da, Coviteren ustez

Consuelo Ordoñez biktimen elkarteko presidenteak salatu duenez, aurrez Eusko Jaurlaritzak 60 preso “modu iruzurtian askatu ditu” gradu aldaketen bidez .

Ordoñez, gaur Gasteizen, terrorismoaren biktimen nazioarteko biltzarrean. EFE
Ordoñez, gaur Gasteizen, terrorismoaren biktimen nazioarteko biltzarrean.
Ordoñez, gaur Gasteizen, terrorismoaren biktimen nazioarteko biltzarrean. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Consuelo Ordoñez Euskadiko Terrorismoaren Biktimen Kolektiboko (Covite) presidenteak salatu duenez, Europan betetako zigorrak aintzat hartzeko lege erreforma ETAren biktimei egindako "beste bidegabekeria bat" da.

Senatuak gaur bozkatu behar zuen (PPk atzeratu egin du eztabaida) arauaren inguruan mintzatu da Ordoñez, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean. Erreformarekin oso kritiko azaldu da, eta aurrez, eta gradu aldaketak tarteko, Eusko Jaurlaritzak ETAko 60 preso "modu iruzurtian askatu" dituela ere salatu du. Bi kasuetan, horren hitzetan, emaitza bera da: "ETAko presoek inpunitate gehiago izatea".

Ordoñezen aburuz, alderdi politiko guztiek dute erantzukizuna gertatutakoan. Europako araudiari buruz esan du Estrasburgok "Ines de Rio aske uzteko baino" ez zuela agindu. Gainerako presoekin, betiere horren ustez, "ETAren eskakizunei" men egiten ari zaie, "Zuzenbide Estatuari iruzurra egiten". Nabarmendu duenez, ETAko presoek Frantzian betetako zigorrak eta Espainian ezarritakoak kasu ezberdinengatik dira.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumena duenetik, "EAJk bi urteotan emandako gradu aldaketa piloa" salatu ditu. "AVTk eta PPk ere ezikusiarena egin dute, isilik egon baitira", erantsi du.

Salatu duenez, PSE-EEk bi hirugarren gradu eman dituenean "orduan, sumindu dira denak", baina "aurretik, 2013tik, zegoen iruzurra. Rajoyk eta Zapaterok ziria sartu ziguten, ETAren eskakizunetako bat zelako: amaiera negoziatua eta inpunitatea nahi zituen, eta kartzelak hutsik ikusi; lortzen ari dira", salatu du.

Hori horrela, "hipokresia gutxiago" eskatu die guztiei. "Ohituta gaude politikarien eta gobernuburuen estoldetara eta miserietara", laburbildu du.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak