Politika -

Zigorrak kommutatzea

Europan betetako zigorrak aintzat hartzeko lege erreformaren bozketa atzeratzea erabaki du Senatuak

Urrats honekin, bozketa atzeratzea lortu badute ere, popularrek ezingo dute lege erreforma gelditu. Eztabaida urriaren 14an egingo dute azkenean seguru aski.

Alicia Garcia PPko senataria, gaur. Argazkia: EFE
Alicia Garcia PPko senataria, gaur. Argazkia: EFE
Europan betetako zigorrak aintzat hartzeko lege erreformaren bozketa atzeratu egin du PPk Senatuan

0:36

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europan betetako zigorrak kontuan hartzeko eta zigor aurrekariei buruzko informazioa partekatzeko lege erreformaren bozketa Espainiako Senatuko gaurko gai ordenatik atera du Alderdi Popularrak —gehiengoa du Goi Ganberan—, eta, ondorioz, haren bozketa atzeratu egin da.  Besteak beste, 2018tik deseginda dagoen ETA erakundeko 44 presori eragingo lioke erreformak, aurrera aterako balitz. Izan ere, Espainiako auzitegiek kontuan hartu beharko lituzkete Europako beste herrialdeetan preso batek betetako zigorrak. 

Gaia atzeratzearen alde bozkatu dute 143 senatarik, 100ek kontrako boza eman dute, eta bakarra abstenitu da. Kongresuan aho batez onartu zen proposamena, eta talde bakar batek ere ez dio testuari zuzenketarik aurkeztu Senatuan.

EFE agentziak jakinarazi duenez, seguru aski urriaren 14an, astelehena, egingo dute azkenean eztabaida Goi Ganberan.

Gaurko urratsarekin, bozketa atzeratzea lortu badute ere popularrek,  ezingo dute lege erreforma gelditu. Espainiako Gobernuak du proiektua erretiratzeko ahalmena, eta ez da uste hori egingo duenik. Beraz, lehenago edo beranduago proposamenak aurrera egitea aurreikusten da. Datorren astelehena, urriak 14, baino lehen egin beharko da bozketa, ezohiko osoko bilkura deituta.

Erreformak Europan du jatorria. Izan ere, Europar Batasunak ebatzi zuen preso batek ezin duela kondena bera bete bi herrialdetan, baina Mariano Rajoyren (PP) Gobernuak salbuespen bat onartu zuen 2014an, euskal presoen kasuan irizpide hori saihesteko.

Irailean, Kongresuaren Justizia Batzordeak Sumarren zuzenketa bat onartu zuen zigor aurrekarien trukerako legean, Voxek eta PPren babesarekin, salbuespen hori ezabatzeko.

Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) gaia salatu duenean lehertu da polemika. Talde horrek ohartarazi zuen ETAko 44 preso lehenago aterako direla espetxetik erreformaren ondorioz, eta eskuineko alderdiek atzera egin dute orain, Kongresuan emandako aldeko boza akatsa izan zela esanez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak