Politika -

Diputatuen Kongresua

ETAko 44 presoren askatasuna azkartuko duen erreforma errefusatu dute PPk eta Voxek, alde bozkatu zuten arren

Europar Batasunaren irizpide bati jarraiki, Kongresuak lege-erreforma bat onartu zuen irailean, presoek kondena bera bi herrialdetan betetzea galarazteko. PPk eta Voxek ere onartu zuten erreforma, baina orain atzera egin dute.

Diputatuen Kongresua. Argazkia: EFE
Diputatuen Kongresua. Argazkia: EFE
Diputatuen Kongresua. Argazkia: EFE

EITb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAko 44 preso aske geratzea azkartuko ei duen lege-erreforma batek hautsak harrotu ditu astelehen honetan, Kongresuan irailaren 18an onartu zuten arren, PPren eta Voxen babesarekin, gainera.

Erreformak Europan du jatorria. Izan ere, Europar Batasunak ebatzi zuen preso batek ezin duela kondena bera bete bi herrialdetan, baina Mariano Rajoyren Gobernuak salbuespen bat onartu zuen 2014an, ETAko presoekin irizpide hori saihesteko.

Irailean, Kongresuaren Justizia Batzordeak Sumarren zuzenketa bat onartu zuen zigor aurrekarien trukerako legean, eskuineko alderdien babesarekin, salbuespen hori ezabatzeko.

Testuinguru horretan, baina, Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) ohartarazi du ETAko 44 preso lehenago aterako direla espetxetik erreforma horren ondorioz, eta PPk eta Voxek atzera egin dute orain. Era berean, aurreratu dute erreformaren aurka egingo dutela asteartean Senatuan egitekoa den bozketan.

Nolanahi ere, lege aldaketa indarrean sartuko da Senatuak ezezkoa eman arren, alderdiek ez zutelako zuzenketarik aurkeztu Goi Ganberan. Astearteko bozketa, horrenbestez, sinbolikoa baino ez da izango.

PPek eta Voxek jarrera aldatu dute orain, baina Kongresuan baiezkoa eman zioten erreformari, eta Senatuan ez zuten zuzenketarik aurkeztu.

Erreakzioak

Felix Bolaños Presidentzia, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako ministroak ohartarazi du PPk eta Voxek erreforma babestu dutela, eta Parlamentuan egindako tramitazioa "erabat baketsua" izan dela.

Yolanda Diaz Gobernuko bigarren presidenteordeak azaldu du erreforma Europako zuzentarau baten "transposizioa" dela. "Aho batez onartu zuten, baita Espainiako eskuin muturrak ere Europan", gogorarazi du. "Oinarrizko eskubideekin du zerikusia, hau da, Gobernuak egin duena, zuzentaraua da, Europako zuzenbidearen iturria", nabarmendu du, "transposizioa" dela azpimarratzeko.

Bestalde, Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak ukatu egin du koalizioak erreforma Espainiako Gobernuarekin negoziatu izana: "Mozal Legeaz hitz egiten badugu, Mozal Legeaz hitz egiten dugu, aurrekontuez hitz egiten badugu, aurrekontuez hitz egiten dugu, eta horrela". "Aurrekontuez hitz egiten dugun bakoitzean, edukiz eduki goaz, presoen gaia ez da inoiz mahai gainean izan, inoiz ez, inola ere ez", errepikatu du Onda Vasca irratian egindako elkarrizketan.

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak erreformaren alde dagoela berretsi du. Kazetariei egindako adierazpenetan, Ortuzarrek gogorarazi du preso moten artean "bereizketarik egiten ez duen" Europako araudi baten transposizioa egin nahi dutela, eta azpimarratu du dagoeneko ez dagoela "salbuespenezko erregimenik ez Estatu espainiarrean ez Europan".

"Europako araudiaren transposizioak pertsona guztiei berdin begiratu behar die, eta guk uste dugu izapidetzen ari den testua bat datorrela Europako Zuzenbidearekin eta Espainiako Zuzenbidearekin", esan du EBBko presidenteak. Hori dela eta, Kongresuan legearen erreformari "kontzienteki" baiezkoa eman ziotela ziurtatu du, eta asteartean Senatuan babestuko dutela berriro, baita "egiteke geratzen den tramitazioan zehar" ere.

PSOEk azpimarratu duenez, Sumarrek aurkeztutako zuzenketak hitzez hitz errepikatzen du Mariano Rajoyren Gobernuak bere garaian Gorteetara igorri zuen lege-proiektuaren idazketa, eta, gainera, Estatu Kontseiluak ezarritako irizpidea jasotzen du.

Enrique Santiago Sumarreko bozeramailearen ondokoak azaldu duenez, bere zuzenketak "diskriminazio bat zuzentzea" zuen helburu, espainiarrek berdintasunezko tratamendua izan dezaten Europako zuzenbidearen aplikazioan.

Borja Semper PPko bozeramaileak lege baten testuarekin "zerikusirik ez duten" zuzenketak sartzea deitoratu du, PPk egoera hori nola aurreikusi ez zuen galdetu diotenean.

Gaineratu duenez, "akats orokorra" gertatu zen Kongresu osoan, eta berretsi du Espainiako Gobernuaren "trikimailu" horren aurrean PPk bere esku dagoen guztia egingo duela ikuspuntu politiko eta juridikotik. "Guretzat gai kritikoa da, ez da horrela geratuko", ohartarazi du.

Pepa Millan Vox ultraeskuineko alderdiak Kongresuan duen bozeramaileak onartu egin du bere talde parlamentarioak egindako "akatsa". Gainera, PPri Senatuko Osoko Bilkurak asteartean erreforma bozkatzea galarazteko eskatu dio.

Behe Ganberan emandako prentsaurreko batean, Millanek "barkamen zintzoena" eman du gertatutakoagatik, eta, akatsa onartu ostean, argi utzi nahi izan du erreformaren aurka bozkatuta ere ezin izango zutela aurrera egitea saihestu, gainerako talde politikoek babestu egin baitzuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak