Politika -
Auzitegi Nazionala
Inputatu gisa deklaratzera deitu dute Rajoyren gobernuko Poliziaren zuzendaritza, Podemos zelatatzeagatik
Hala, Santiago Pedraz epaileak Francisco Martinez Segurtasuneko Estatu idazkari ohia, Eugenio Pino Poliziaren bigarren buru ohia eta lau poliziaburu deitu ditu. Hala ere, magistratuak udan auzitik kanpo utzi zuen Jorge Fernandez Diaz Barne ministro ohia.
Agentziak | EITB Media
Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak inputatu gisa deitu ditu Francisco Martinez Segurtasuneko Estatu idazkari ohia, Eugenio Pino Poliziaren bigarren buru ohia eta beste lau poliziaburu, Unidas Podemoseko kideak 2015 eta 2016 artean inongo kontrol judizialik gabe ustez zelatatzeagatik.
Magistratuak urriaren 28rako deitu ditu Francisco Martinez eta Enrique Garcia Castaño komisarioa, Eugenio Pino eta Jose Angel Fuentes Gago inspektorea biharamunean, eta azaroaren 6an, berriz, Andres Gomez Gordo eta German Rodriguez Castiñeira komisarioak.
Ebazpenean, gainera, instruktoreak onartu egin du Podemosek gertakariak argitzeko eskatutako lekukoak eta frogak, eta adierazi du oraindik zehazteko dagoela egutegia.
Pedrazek erabaki hori hartu du udan Auzitegi Nazionalak ikerketa babestu ondoren, Martinezek Podemosen kereila onartzearen aurka jarritako helegitea errefusatu baitzuen.
Magistratuak, hala ere, Fernandez Diaz ministro ohia auzitik kanpo utzi zuen, ez baitzuen haren aurkako froga nahikorik ikusi, baina, besteak beste, Martinez eta Pino ikertzea erabaki zuen.
Azken eginbideen artean, epaileak erabaki zuen Poliziaren Barne Gaietarako Unitateari eskatzea 2015 eta 2016 artean Unidas Podemoseko 55 diputatu ikertzeko arrazoien berri emateko.