Politika -
Radio Euskadi
Estatus politikoa, euskal alderdien eztabaidagai nagusia
EAJrentzat, EH Bildurentzat eta Sumarrentzat lehentasunezkoa edo garrantzitsua den bitartean, PSE-EEk ohartarazi du aldatzekotan Estatutua aldatuko dela, ez estatusa. PPk ez du EAEren eta Estatuaren arteko harremana aldatu nahi.
agentziak | eitb media
Estatutu edo estatus politiko berriari buruz EAJren ekimenez hasiko den bilera errondaren atarian, gai horixe izan dute hizpide euskal alderdi politikoek Radio Euskadiko "Parlamento en las Ondas" irratsaioaren irrati urte berriko lehenengo atalean.
Joseba Diez Antxustegi EAJren Legebiltzarreko bozeramaileak esan du bere alderdiak "elkarlanean gidatu" nahi duela elkarrizketa sorta, "euskal gizartea anitza eta askotarikoa dela jakitun".
"Badakigu euskal gizartea anitza dela, askotarikoa, eta ahal den adostasun maila handiena lortu beharra dagoela gizartearen aniztasun horri erantzun zuzenena eta zehatzena eman ahal izateko", gaineratu du.
Diez Antxustegik gogorarazi duenez, gainera, EAE da autonomia estatutua berritu ez duen erkidego bakarra, eta, hori dela eta, beharrezko ikusten du "garai berrietara egokitzea herri honek dituen arazoei irtenbidea emateko".
Nerea Kortajarena EH Bilduren legebiltzarkidearentzat "erabateko lehentasuna" du estatus berriari buruzko eztabaidak, eta EAJri galdetu dio ea gobernukide duen PSE-EEri "herri honek dituen helburu nazionalak mugatzen" utziko dion.
Lehentasunezko gaia dela azpimarratu ostean, gaineratu du "zuhurtzia osoz" ekingo diotela bilera sortari, "biribilgunetik atera eta irtenbide fase batean" sartzeko asmoz.
Legebiltzarkide subiranistak ohartarazi du Eusko Legebiltzarreko 75 ordezkarietako 55 direla subiranistak, eta "nazio izaeraren eta erabakitzeko eskubidearen ideiaren inguruan" bat egiten dutela. "Horren eta Estatuarekin harreman berria izatearen inguruan zentratu beharko litzateke elkarrizketa", horren ustez.
PSE-EEren izenean, Ekain Rico legebiltzarkideak ohartarazi du autogobernuari buruzko elkarrizketetan "Estatutu berri bat" lortzeaz ari direla, "ez estatus berri bat". "Erabil dezagun hizkuntza behar den bezala, bestela etsipenak etorriko dira", esan du.
"Akordio horiek gure eskumenetan eta indarrean dagoen legedian oinarritu behar dira, eta hori oso argi agertzen da gobernu akordioan. Eta horiexek dira Gobernua osatzen duen gehiengo honen joko arauak", azaldu du.
Alvaro Gotxi PPren legebiltzarkideak, berriz, argi utzi nahi izan du bere alderdia ez dela egongo autogobernuari buruzko eztabaida batean helburua "estatutu berri baten bitartez Estatuarekin dugun harremana aldatzeko" baldin bada.
Jon Hernandez Sumar alderdiko legebiltzarkidearentzat gaia "garrantzitsua" da baina "ez da lehentasunezkoa", eta "gizarteko pribilegioak deuseztatzeko" balioko duen Estatuaren alde egin du.