Politika -

PSOE

PSOEk azaroko azken asteburura atzeratu du Kongresu Federala

Hasiera batean, zuzendaritza berrituko duen kongresua azaroaren 15ean izango zela iragarri du, baina gero bi astez atzeratu du. Gobernuko presidenteak bere burua berriro aurkeztuko du idazkari nagusi kargurako.

PSOEren batzorde exekutiboa. Argazkia: EFE
PSOEren batzorde exekutiboa.
PSOEren batzorde exekutiboa. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEren Kongresu Federala azaroaren 29tik, ostirala, abenduaren 1era, igandea, egingo da. Hasiera batean, Esther Peña Exekutibako bozeramaileak iragarri du sozialisten kongresua hilaren 15etik 17ra bitartean egingo dela, baina, azkenean, alderdiak bi aste atzeratzea erabaki du, hileko azken asteburura. PSOEk arrazoi logistikoak argudiatu ditu.

Edozein kasutan, kongresua larunbat honetan, irailaren 7an, ofizialki deituko dute PSOEren Batzorde Federalean, Peñak iragarri duenez.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEko idazkari nagusia buruzagi sozialista izateko hautagai izango da.

"Zuzendaritza osoak babesa agertu diogu, eta ziklo berri honen aurrean alderdiaren buru izaten jarraitzeko beharra dagoela jakinarazi diogu, gure herriaren aurrerapen izugarriak sendotzen jarraitzeko", adierazi du Peñak prentsaurrekoan, PSOEren egoitzan.

Kongresu Federalaren ondoren, lurralde-kongresuak egingo dira 2024ko amaieran eta 2025eko hasieran, eta bertan aukeratuko dira autonomia erkidegoetako liderrak.

"PSOEn eztabaidatu egiten da. PSOEk eztabaidatzen badu, Espainiak eztabaidatzen du. Espainian zehar dauden 4.000 talde sozialisten baino gehiagoren parte-hartzea espero dugu, eta gure 170.000 militanteek euren ikuspegia eman ahal izango dute", azpimarratu du.

Azken kongresu federala 2021eko urrian egin zen, Valentzian, eta, beraz, datorren kongresua urtebete aurreratu du Sanchezek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Aldaketa PSOEn Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak