Politika -

Ikasturte politikoa abian

Ortuzarrek EAJren suspertze eta eguneratze prozesuan parte hartzeko deia egin dio militantziari

EBBko presidenteak Zarautzen azpimarratu duenez, "EAJ indartsu bat eraiki behar da, zapatak ondo lotuta izango dituena, antolakuntza biziberritua eta eguneratua izango duena, gure helburu abertzaleak berretsi eta horiek lortzeko ibilbidea markatuko duen proiektu politiko batekin".

EAJ-ren ordezkari nagusiak, ostiral honetan, Zarautzen. EFE.
EAJ-ren ordezkari nagusiak, ostiral honetan, Zarautzen. EFE.
EAJ-ren ordezkari nagusiak, ostiral honetan, Zarautzen. EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk Zarautzen (Gipuzkoa) egin duen ikasturte politikoaren hasierako ekitaldian, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak EAJren biziberritze eta eguneratze prozesuan parte hartzera deitu du militantzia.

Hain zuzen ere, irailaren 29an hasiko da alderdi jeltzalea "suspertzeko" sei hilabeteko epea, IX. Batzar Nagusian zuzendaritza berria izendatu bitarte. Batzar hori martxoaren amaieran edo 2025eko apirilaren hasieran izango da, EAJren 130. urtemugarekin bat eginez.

Ortuzarrek prozesu horren garrantzia azpimarratu du, eta esan duenez "Euskadin, baina baita Estatuko politikan ere, EAJ indartsu bat behar da, zapatak ondo lotuta dituena, erakunde biziberritua eta eguneratua duena, gure helburu abertzaleak berretsi eta horiek lortzeko jarraitu beharreko ibilbidea markatuko duen proiektu politiko batekin". 

EH Bildurekiko oposizio estiloa izan da EAJko presidentearen hitzaldiaren ardatz. Alderdi horri Legebiltzarrean 225 ekimen aurkeztu izana aurpegiratu dio, horietako asko Osakidetzari buruzkoak, nahiz eta alderdi abertzaleak osasuna eztabaida politikotik aterako zuela ziurtatu. "Aste honetan txankleta paseatzera atera dute, eta 225 ekimen parlamentario planteatu dituzte, horietako asko Osakidetzari buruzkoak, tonu zakarrean, Laudiokoa bezalako egoerak arduragabeki manipulatuz, demagogia merkea eginez", kritikatu du.

"Diskurtso politikoak onak dira, baina gertaerek erakusten dute gauza ez dela aldatu, jazarpenean jarraitu nahi dutela eta EAJrekin zerikusia duen guztia eraitsi nahi dutela", deitoratu du Ortuzarrek. lehendakariak Osakidetzari buruz planteatutako mahaia abian jarri baino lehen EH Bilduk egin eta esandakoak kritikatu ditu.  

EAJk urtero kurtso politikoari ekiteko egin ohi duen mitinean Ortuzarren aurretik aritu da Joseba Egibar alderdiko Gipuzkoako burua. 

Egibarrek ere EH Bildu kritikatu du, bereziki Katalunian Salvador Illaren inbestidurari alderdiak eman dion harrera ona, "ahanzturan utziz", esan du, "PSOE eta PP izan zirela, 155. artikuluaren bidez, erkidego hori orain dagoen egoerara eraman zutenak".

Azpimarratu duenez, bere alderdia ezin da izan Marchena epailearen estrategiaren "konplize" eta Carles Puigdemontek, "bere burua defendatzeaz gain, Katalunia defendatzen" duela nabarmendu du. 

EH Bilduri egindako kritikak gorabehera, Egibarrek azpimarratu du euskal abertzaleek autogobernuaren arloan "jauzi kualitatiboa" eman nahi badute, akordioak beharko dituztela "Estatutuaren etsai izan direnekin", ezker abertzaleari erreferentzia eginez.

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Imanol Pradales lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburu jeltzale.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Gipuzkoa Joseba Egibar Artola Andoni Ortuzar Zarautz Eguneko albisteak Albisteak Imanol Pradales