Politika -

Migrazioa

Sanchez migratzaileak kanporatzearen alde azaldu da mafiei "mezu argia" bidaltzen dielako

Espainiako Gobernuko presidenteak Senegalen nabarmendu duenez, "ezinbestekoa" da modu irregularrean heldutako migratzaileak euren sorterrira itzularaztea. Aurrez, Mauritanian, immigrazioa "beharrizana" zela esan zuen. Borja Semperrek (PP) arin erantzun dio, eta jarrera aldatzen ibiltzea egotzi.

Sanchez, Cervantes Institutuak Dakarren (Senegal) duen egoitzan. EFE
Sanchez, Cervantes Institutuak Dakarren (Senegal) duen egoitzan.
Sanchez, Cervantes Institutuak Dakarren (Senegal) duen egoitzan. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak defendatu duenez, "ezinbestekoa" da modu irregularrean heldutako migratzaileak euren sorterrira itzultzea. Horren ustez, mafiei eta horien esanetara jartzen direnei "mezu argi eta irmoa" bidaltzen zaie, atzera egitera bultzatzen dituena. 

Hitzok Dakarren (Senegal) egin ditu gobernuburuak, Mauritaniara, Gambiara eta azken herrialde horretara egindako bidaiaren azken egunean. Afrikako hiru herrialdeokin migrazio irregularrari aurre egiteko lankidetza estutzea izan du helburu Sanchezek. 

"Mafiok herritarren biziarekin jokatzen dute, gazte asko eta eurengan konfiantza itsua duten familiak engainatzen dituzte, eta beste delitu batzuk zabaltzen laguntzen dute", nabarmendu du. Hori horrela, Espainiara modu irregularrean heldutako horiek kanporatzea "ezinbestekoa" dela adierazi du. Era berean, gogorarazi du Europako zein Espainiako legediak horretara behartzen dituela. 

Espainiako Gobernuaren arabera, Senegalekin, Mauritaniarekin eta Gambiarekin migratzaileak itzularazteko itunak ditu Espainiak, baina horiek aplikatzeko zailtasunak badaudela aitortu du. Hori horrela, akordiook hobetzeko asmoz joan da Sanchez Afrikara. 

Paradoxikoki, migrazio arautua ere defendatu du Sanchezek. Hala, Afrikako bidaiaren lehen txanpan aipatutako migrazio zirkularra izan du ahotan, beste behin. Proposamen horren arabera, migratzaileak aldi baterako lan kontratuarekin Estatura ekarri eta, lanaldia amaitutakoan, sorterrira bueltan eramango lirateke.

Semper: "PPk erbesteratzeak defendatuko balitu, xenofobotzat joko lukete"

Borja Semper PPko bozeramaileak azkar erantzun dio Sanchezi. Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean azpimarratu duenez, PPko buruzagiren batek Sanchezen "erbesteratze" masiboak defendatu izan balitu, "xenofobotzat joko lukete".

Semperren aburuz, Espainiako Gobernua migrazio politikarekiko jarrera aldatzen dabil unero: "Orain aberriratzeak defendatu ditu, nolabaiteko kontakizuna eraiki nahian". Horren aurrean, migrazioari aurre egiteko politika "serioa" galdegin dio. Gogora ekarri duenez, Alemaniako edo Kanadako gobernu sozialdemokratek gai horren inguruko jarrera "birpentsatu" dute.

Dena dela, argitu nahi izan du PPk ez duela "inondik inora erbesteratze masiboak" defendatzen.

Pradales "harrituta" agertu da

Imanol Pradales lehendakaria "harrituta" geratu da Sanchezek migratzaileen inguruan esandako hitzekin. 

Hala ere, zuhurtziaz jokatu beharra dagoela azpimarratu du, "gai korapilatsua delako". Haren iritziz, migrazioa planifikatu beharreko egiturazko fenomenoa da.

Pradales lehendakariak ''sorpresaz'' hartu ditu Sanchezek migrazioari buruz esandakoak
Pradales lehendakariak ''sorpresaz'' hartu ditu Sanchezek migrazioari buruz esandakoak
Pradales lehendakariak ''sorpresaz'' hartu ditu Sanchezek migrazioari buruz esandakoak

1:51
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Politika Nazioartea Migrazioa Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak