Politika -
Begoña Gomez kasua
Guardia Zibilak Begoña Gomezen kasuan ikertutako enpresaburuaren etxea miatu du
Pedro Sanchezekin behin bildu zela adierazi zuen Juan Carlos Barrabes enpresariak bere deklarazioan. Bilera beste ordezkari politiko batzuekin egin zuen bezala, berrikuntzaren arloko topaketa bat izan zela esan zuen.
Agentziak | EITB Media
Guardia Zibilak Juan Carlos Barrabes enpresaburuaren etxebizitza eta enpresetako bat miatu ditu ostiral honetan. Enpresaburua ikertua izaten ari da eragin-trafikoa eta negozioetako ustelkeria egotzita, Begoña Gomezen aurka abiarazitako auzian. Madrilgo 41 zenbakiko Instrukzio Epaitegian irekitako auzitik bereizitako pieza baten barruan egin dituzte miaketak. Juan Carlos Peinado epaileak sekretupean du pieza hori.
Barrabesek abuztuaren 1ean deklaratu zuen Peinado epailearen aurrean. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin behin bakarrik bildu zela adierazi zuen orduan, Moncloa jauregian, eta, beste ordezkari politiko batzuekin ere izan dituen bilerak bezala, berrikuntzari buruz hitz egiteko izan zela. Enpresariak azaldu zuenez, enpresa-berrikuntzaren munduan duen "izen onagatik" joaten zen hitzordu horietara.
Uztailaren 15ean lekuko gisa agertu ondoren inputatu zuen epaileak enpresaburua. Orduan ezin izan zituen zehaztu Begoña Gomezek Complutense Unibertsitatean lortu zuen katedrari buruz egin zizkioten galderetako batzuk, baina aitortu zuen hainbat aldiz bildu zela berarekin Moncloan, eta behin Sanchezekin bildu zela.
Epaileak astelehen honetan berrekingo die lekukoen deklarazioei, aldeei Pedro Sanchezi egindako deklarazioa aztertzeko denbora eman ostean. Era berean, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak Sanchezek eta Gomezek haren aurka prebarikazioagatik aurkeztutako kereilen inguruan erabakiko duenaren zain dago.