Politika -

katalunia

Illaren inbestidura airean, Puigdemont atxilotzen badute

Kataluniako presidente ohiaren itzultzerak Illa sozialistaren inbestidura kolokan jar lezake. Juntsek aurreratu du "inbestidura bertan behera uzteko" eskatuko diola Parlamentuko presidenteari, eta ERC prest agertu da onartzeko, baina "ahalik eta lasterren" egitearen alde egin du.

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia EFEren artxiboko irudi batean
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia EFEren artxiboko irudi batean
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia EFEren artxiboko irudi batean

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniatik kanpo sei urte baino gehiago igaro ondoren, Carles Puigdemonten itzulera gertu dagoela dirudi. Kataluniako presidente ohiak inbestidura saioan egon nahi du, baina erabaki horrek arriskuan jartzen du buruzagiak, hura atxilotzeko berehala agindua baitago. Testuinguru horretan astearte honetan, Jordi Turull JxCateko idazkari nagusiak TV3n aurreratu duenez, bere alderdiak Salvador Illaren inbestidura saioa bertan behera uzteko eskatuko du, baldin eta Generalitateko presidente ohia Kataluniara itzultzean atxilotzen badute.

Turullek aditzera eman duenez, Puigdemont datozen egunetan itzuliko da Kataluniara, itzuleraren "ordua eta lekua" zehaztu gabe; izan ere, "inozo izatea litzateke bere planei buruzko xehetasunak ematea hura atxilotu dezaten", esan du. Auzitegi Gorenak amnistia legea aplikatzen ez dionez, buruzagia atxilotzeko aginduak bere horretan dirau. 

Gauzak horrela, JxCatek aurreratu du "inbestidura bertan behera uzteko" eskatuko diola Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidenteari, inbestidura "baldintza normaletan" ezin izango litzatekeelako egin, diputatu batek ezingo lukeelako parte hartu.

Uztailaren amaieran, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak berretsi egin zuen Kataluniara itzultzeko eta Kataluniako Parlamentuko inbestidura saiora joateko erabakia: "Nire betebeharra Parlamentura joatea da, inbestidura eztabaida baldin badago. Ni Parlamentuan egongo naiz. Eta estatu-kolpe batek bakarrik eragotziko dit han egotea".

Marta Vilalta ERCko idazkari nagusiaren albokoa eta bozeramailea osoko bilkura bertan behera uztea edo atzeratzea onartzeko prest agertu da, baina "ahalik eta lasterren" egitearen alde egin du.

Vilaltaren arabera, egun horretarako aurreikusita dagoen osoko bilkura bertan behera uzten bada, inbestidura saioa "ahalik eta azkarren" egin beharko da, Kataluniako erakundeak ezin direlako "Auzitegi Gorenaren denboren menpe geratu".

Halaber, Juntsetik ERCren aurka "batzuk elikatzen ari diren haserre-giroa" salatu du, Puigdemonten balizko atxiloketa baten "errua" leporatzen saiatzen ari direlako. "Hau onartezina da. Zuzenketa bat egiteko eta barkamena eskatzeko eskatzen diogu Juntsi, hori onartezina baita ", azpimarratu du.

Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidenteak Salvador Illaren inbestidura ostegunean egitea porposatu du, alderdiekin bildu ostean. Nabarmendu behar da azken orduetan, ERCko militantziak eta alderdiko gazteriak ere hautagai sozialistaren aldeko botoa eman dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont ERC Junts per Catalunya