Politika -
Katalunia
Generalitateko presidente izateko gehiengoa duela jakinarazi dio Salvador Illak Rulli
PSCren Zuzendaritza Batzordeak egindako ezohiko bileran, "politika onak irabazi" duela azpimarratu du Illak. Bestalde, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak ziurtzat jo du atxilotu egingo dutela Kataluniako Parlamentuan izango den inbestidura saiorako Espainiara itzulitakoan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Salvador Illa PSCko lehen idazkari eta Kataluniako Generalitateko presidentegaiak larunbat honetan iragarri duenez, presidente izateko beharrezkoa den gehiengoa duela jakinarazi dio Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidenteari, PSCk ERCrekin eta Comunsekin akordioa lortu ostean.
Presidente egiteko prozesua legearen arabera baina "ahalik eta azkarren" egiteko eskatu dio Illak, Kataluniak lehenbailehen izan dezan gobernu berria. PSCren Zuzendaritza Batzordeak gaur Bartzelonan egin duen bileran eman du Illak horren berri. Izan ere, PSCrekin adostutako akordioa asteazkenean onartu zuten "komunek" (bozketan parte hartu zuten kideen % 98,4ren babesarekin) eta ostiralean onartu dute ERCko kideek.
Illa "oso pozik eta itxaropentsu" azaldu da. "Politika onak irabazi du, eskuzabaltasun ariketa bat da, ez egoismoa", azpimarratu du.
Hautagai sozialistak ERCrekin eta Comunsekoekin hitzartutakoa "osorik betetzeko" konpromisoa hartu du. Alderdi horiekin "desadostasunak" ditu PSCk, baina "aurrera egiteko balioak" partekatzen dituela gaineratu du.
Presidentegai sozialistaren hitzetan, katalanek "politikarik onena" merezi dute, eta horren adierazle dira inbestidurarako lortutako akordioak. "Politika ona erantzukizuna, zorroztasuna eta zerbitzu publikoa da", esan du. Dena dela, itunak zabaltzean "eragozpenak eta zailtasunak" izan daitezkeela aitortu du.
Illaren ustez, sozialisten bakarkako gobernua ahalbidetuko duen hiruko aliantza horrek "itxaropenerako etorkizun kolektiboa" ekarri du, "blokeotik" ihes eginda eta "zortzi milioi katalanei aukerak" eskainiz.
Akordio horiek "Kataluniari bikaintasuna erakusten jarraitzeko aukera eman behar dute", Illaren aburuz. "Lan egiteko eta gobernatzeko garaia da", erantsi du.
Horrekin lotuta, Kataluniako Parlamentuko Presidentetzako iturriek jakinarazi dute datozen orduetan Rull talde parlamentarioekin harremanetan jarriko dela astelehenetik aurrera alderdiekin bilera-sorta abiatzeko.
Lehenengo bilera Illarekin berarekin egingo du, eta ERCko ordezkariekin eta Comunsekoekin bilduko da ondoren.
Akordioa arratsaldean sinatu dute
Bestalde, Illa Generalitateko presidente izendatzeko akordioa larunbat arratsaldean sinatu dute PSC eta Comuns alderdiek. San Ildefonso liburutegian elkartu dira, Cornella de Llobregaten (Bartzelona), 17:00etan, eta Salvador Illa PSCko lehen idazkariak eta Jessica Albiach Comunseko presidenteak sinatu dute.
Illaren inbestiduraren aurkako manifestazioak deitu dituzte ANCk eta CDRek astelehenerako Kataluniako Parlamentuaren aurrean.
Puigdemontek ziurtzat jo du atxilotu egingo dutela
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak ziurtzat jo du atxilotu egingo dutela Kataluniako Parlamentuan izango den inbestidura saiorako Espainiara itzultzen denean. "Bere asmoa aurrera ateratzen badute, badakit zer espero dudan eta zer egin behar dudan", esan du X sare sozialean zabaldutako gutunean.
Diru publikoa ustez bidegabe erabiltzeagatik atxilotzeko agindua indarrean dago Puigdemonten aurka, eta atxilotuz gero, kartzelan luze egon daitekeela aitortu du presidente ohiak.
"Badakit nire itzulerak atxiloketa eta espetxeratzea ekar ditzakeela, auskalo zenbat denborarako", adierazi du Puigdemontek. Dena dela, ohartarazi du ez duela utziko "negoziazio-gai" gisa erabil dezaten, ezta "Kataluniaren independentziaren aldeko borrokari uko egiten dion erabaki politiko bat ordaintzeko" ere.
Junts
Bestalde, Junts per Catalunyako Zuzendaritza Batzordea gaur bildu da, ezohiko bilera batean, eta Puigdemonten hitzak bere egin ditu.
"ERCk alternatibarik txarrenaren alde egin izana deitoratzen dugu, Illak historiako PSC espainolistena ordezkatzen duelako", azpimarratu du Carles Puigdemont presidente ohiaren alderdiak. "Gure botoak baliaraziko ditugu independentziarantz aurrera egiten jarraitzeko", ohartarazi du.
CUP
Bestalde, Laia Estrada CUPeko diputatuak prentsaurrekoan azaldu duenez, Illaren inbestidurak "eredu turistiko bortitzena defendatzen duen alderdi baten esku uzten du Katalunia; etxebizitzaren espekulazioa, aldaketa klimatikoa ukatzen duena, zerbitzu publikoak desegitearen konplize da, eta ustelkeria kasuekin lotuta dago". "Akordio horrek Kataluniako prozesuaren heriotza egiaztatzen du", gaineratu du.
Illaren inbestidura zalantzan egon liteke
Illaren inbestidura zalantzan egon liteke, Mar Besses ERCko diputatu eta Jovent Republica gazte erakundearen kidea Illari ezezko botoa ematea aztertzen ari baita.
"Gazteen esparruan erreferente den ERCko erakunde politikoa" da Jovent Republica, baina bien arteko harremanen protokoloak ez du zehazten gazte horiek ERCko gainerako parlamentarien boto bera eman behar duten.
Hala ere, Jovent Republicak "ERCren ildo politiko orokorraren eta hauteskunde dinamikaren menpe" jardun beharko du. Bessesen botoari buruzko erabakia Jovent Republicaren batzar nazionalean hartuko dute, eta horretarako ezohiko bilera egingo dute astelehen arratsaldean.