Politika -
KATALUNIA
ERCk ohartarazi du Sanchezi babesa kenduko diola, finantziazio sistemari buruz adostutakoa betetzen ez badu
PSCkin joan den astean akordioa itxi bazuten ere, Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak aitortu du zalantzak dituztela eta ez direla sozialistetaz erabat fio. Finantziazio ereduaren erreforma Kongresuan aurrera ateratzeko gehiengorik ez dagoen kasurako, "B plana" badutela ere esan du Rovirak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
ERCko oinarriek PSC-ERC aurreakordioa ontzat ematen duten edo ez erabaki bezperan, Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak aitortu du PSCkin lortutako aurreakordioa irensteko "arazoak" dituztela euren militanteek, ez direlako erabat fio Espainiako gobernuak konpromisoak beteko dituen.
Hala, ohartarazi du Espainiako Gobernuak bere hitza betetzen ez badu eta Kataluniarako fiskalitate sistema bereziturik ez badago, Pedro Sanchezi babesa erretiratuko diotela alderdi errepublikanoaren zazpi diputatuek Kongresuan. "Akordioak betetzeko izenpetzen dira, eta hori oso argi dugu", esan du Rovirak, Catalunya Radion egindako adierazpenetan.
Halaber, Kongresuan finantziazio sistemaren erreformak aurrera egiteko gehiengorik ez dagoen kasurako "B plana" badutela esan du ERCko buruzagiak. Xehetasunik eman ez badu ere, eredu berria dekretu bidez onartzea proposatuko lukete errepublikanoek.
Zehazki, aurreakordioak aurreikusten du Katalunia erregimen komunetik ateratzea eta Kataluniako Zerga Agentziak zerga guztiak kudeatu, likidatu, bildu eta ikuskatzea (PFEZtik hasita), baita Generalitatean Hizkuntza Politikako Departamentu bat sortzea ere. Salvador Illa Kataluniako presidente izateko hautagai sozialistaren inbestidura babestearen truke izenpetu zuen ERCk akordioa sozialistekin.
ERCko 8.700 militante inguru daude biharko bozketan parte hartzera deituta. Rovira horiei zuzendu zaie gaur, aurrekordioa babes dezatela eskatuz. Bere hitzetan, agertoki politikoa kontuan hartuta, ez dago aukera hoberik Kataluniarentzako gaur gaurkoz.
Bere aldetik, atzo, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak esan zuen PSC eta ERC arteko ituna Estatu espainiarraren federalizazioaren bidean "urrats" bat dela.