Politika -
Begoña Gomez auzia
Sanchezek kereila aurkeztu du Peinado epailearen aurka, prebarikazioa leporatuta
Estatuko Abokatutzaren bitartez egin du. Aurrez, Espainiako Gobernuko presidenteak uko egin dio bere emaztearen aurkako auzian deklaratzeari.
EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak kereila aurkeztu du Juan Carlos Peinado epailearen aurka, prebarikazioa leporatuta. Madrilgo 41. Instrukzio Epaitegiko buruak Begoña Gomez —Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren emaztea— ikertzen ari da, influentzia-trafikoa eta negozioetan ustelkeria egotzita.
Zehazki, Estatuko Abokatutzaren bitartez aurkeztu du kereila.
Kereilak Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiari eskatzen dio Peinado epailea iker dezala ustezko prebarikazioagatik. Bere ustez, epaileak "jakinaren gainean" eman zituen hainbat ebazpen "bidegabe" eta arauan xedatutakoaren aurkakoak, "ikertzeko betebeharretik aldentzen diren usteak" aintzat hartuta.
Kereilaren aurkezpena justifikatuta dago Gobernuaren Presidentetza erakunde bezala "defendatzeko beharragatik", Peinado epailearen "jarduera puntualen" aurrean, baina horrek ez du esan nahi "botere judizialaren aurkako erasoa denik, baizik eta botere horren ordezkari baten erabilera puntualetik urruntzeko ahalegina, Konstituzioak debekatutako arbitrariotasunetik".
Arbitrariotasun horrek "Estatuko beste botere baten ordezkari gorenari" eragin dio, hau da, Exekutiboari", eta horrek magistratuaren jokabide bidegabea azaltzen omen du.
Estatuko Abokatutzaren ustez, Peinadok bi ebazpenetan prebarikatu zuen, besteak beste, Moncloan Espainiako gobernuburua lekuko gisa deitu zuena, "1882tik Prozedura Kriminaleko Legeak eskaintzen dizkion bermeak" kendu zizkiola iritzita, eta "azalpen alternatiborik" eman gabe.
Abokatutzaren arabera, idatziz deklaratzen utzi behar zion. "Ezin da pertsona bat bereizi eta senar gisa galdetuko zaiola pentsatu, ikerketaren xedea, esan bezala, ikertuaren senarra Gobernuko presidente izatea denean", dio.
Gainera, zalantzan jarri du agerraldia grabatzeko erabakia, "egoitza judizialerako pentsatutako" formaltasuna delako. Bere ustez, Sanchezek "zuzentzen duen erakundea iraindu egin du" Peinadoren jardunak.
Gaur goizean, Pedro Sanchezek bere emaztea ikertzen ari den epailearen aurrean ez deklaratzeko eskubideari heldu dio. Prozedura Kriminalaren Legearen (PZLb) 416. artikuluaren arabera, Begoña Gomezen ezkontidea "deklaratzeko betebeharretik salbuetsita" dago.