Politika -
Hauteskundeak Venezuelan
Baimen ofizialik gabe herrialdean sartu nahi zuen PPko ordezkaritza bat bueltan bidali du Venezuelak
"Hauteskundeetako behatzaile" gisa zihoazen, oposizioak gonbidatuta, baina beharrezko baimenik gabe. Sartzen ez zietela utziko jakinda bidaiatu dute. Venezuelak betoa jarri die EBko behatzaileei, EBk Venezuelako dozenaka funtzionarioren aurka dituen zigorrei erantzunez.
Olatz Prat | EITB Media
PPko parlamentari eta senatari talde bat Venezuelatik kanporatu dute, herrialdean baimen ofizialik gabe sartzen saiatu ostean.
Ordezkaritzako kideen arabera, Venezuelako oposizioak igandeko hauteskundeen behatzaile gisa gonbidatu zituen, baina ez zuten zeregin horretarako beharrezko baimenik. Hala ere, ostiralean Caracasera joan dira, jakintzat jo arren ez zietela herrialdean sartzen utziko. Gauza bera gertatu zaie oposizioak gonbidatutako beste herrialde batzuetako ordezkariei ere.
Popularren ordezkaritzari dagokionez, Espainiako Gobernuko Kanpo Arazoetako Ministeriotik azaldu dutenez, Senatuko Mahaiak eta Alderdi Popularreko Talde Parlamentarioak (GPP) Venezuelara joan ahal izatea eskatu zuten, hauteskundeak behatzeko misio gisa, eta Jose Manuel Albares buru duen ministerioak ez zion eragozpenik jarri eskaerari. Beraz, Venezuelako agintarien aurrean horretarako beharrezko kudeaketa guztiak egin zituen.
Hala ere, Venezuelako agintariek ukatu egin zuten baimen hori, eta Atzerri Ministerioak horren berri eman zien Senatuari eta PPri. Baimena ukatu ostean, "talde politiko guztiek bertan behera utzi zuten bidaiatzeko asmoa, PPk izan ezik", Ministerioko iturriek azaldu dutenez.
PPk, beraz, bidaiatzea erabaki zuen, eta, espero bezala, Caracasko aireportura iritsi bezain laster, atxiki eta Espainiara bidali dituzte bueltan. Albaresen ministerioaren arabera, parlamentariek Espainiako Gobernuak Caracasen duen kontsul nagusia zain zuten aireportuan, popularrei "behar zuten guztian laguntzeko".
PPren ordezkaritzaren buru izan dira Esteban Gonzalez Pons eurodiputatu eta Erakunde Idazkariordea eta Miguel Tellado PPren bozeramailea, eta horiekin batera joan dira Cayetana Alvarez de Toledo Parlamentuko bozeramailearen ondokoa eta Macarena Montesinos eta Belen Hoyo diputatuak, baita Juanjo Matari eta Alfonso Serrano senatariak ere.
Gaur goizean Barajasera heldutakoan hedabideei egindako adierazpenetan, "tamalgarri" iritzi diote Espainiako Gobernuaren jokabideari "chavisten diskurtsoa partekatzeagatik", eta igandeko hauteskundeetan behatzaile ariko den Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente ohia "lotsagabea" dela esan dute.
Igande honetan Venezuelan izango diren hauteskundeen gardentasuna bermatzeko lanean arituko dira Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Erkidegoko (CELAC), Karibeko Erkidegoko (CARICOM), NBEko, Carter Zentroko eta Afrikako Batasuneko adituak eta nazioarteko 600 behatzaile baino gehiago.
Hala ere, Venezuelak betoa jarri die Europar Batasuneko behatzaileei, EBk Venezuelako dozenaka funtzionarioren aurka indarrean dituen zigorrei erantzunez. Funtzionario horiek, besteak beste, debekatuta dute EBko 27 herrialdeetara sartzea, eta izoztuta dituzte Europar Batasunean dituzten ondasunak eta jabetzak. Zigortutakoen artean zegoen, duela aste gutxi arte, Venezuelako Hauteskunde Kontseilu Nazionaleko presidente Elvis Amoroso bera.