Politika -
Diputatuen Kongresua
Juntsek, PPk eta Voxek gastu-mugaren kontra bozkatu dute, aurrekontu orokorrak kolokan utzita
Ezezkoaren ondorioz, Exekutiboak helburu berriak onartu beharko ditu lau asteko epean, ondoren Diputatuen Kongresura berriro bidaltzeko.
EITB Media
Kolpea jaso du gaurkoan Espainiako Gobernuak Kongresuan. Juntsek, PPkin eta Voxekin batera, gastu-mugaren kontra bozkatu du, eta ezerezean utzi du Maria Jesus Montero Ogasun ministroak aurkeztutako defizit eta zor helburuak. Aurrekontu orokorrak eurak kolokan daude, horrenbestez.
2025-2027 aldirako egonkortasun bide-orriaren kontrako 178 boto izan dira, eta 171 alde.
Neurri fiskalen eztabaidan egin du iragarpena Josep Maria Cruset Juntsek Kongresuan duen bozeramailearen ondokoak. Crusetek Kongresuko pasilloetan hedabideei egindako adierazpenetan azaldu duenez, Katalunian aurreko aurrekontuak ez dira behar bezala gauzatu, eta Espainiako Gobernuak ezin ditu Juntsen zazpi botoak eskuratu 2025eko Aurrekontuak aurrera eramateko, egoera hori leheneratu arte.
Bozketa asteazkenean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Pere Aragones Generalitateko jarduneko presidenteak Bartzelonan egingo duten bilera baino egun bat lehenago egin da.
Juntsen babes faltak neurria aurrera ateratzeko boto nahikorik gabe utzi du Espainiako Gobernua, eta aurrekontu orokorren ibilbidea zaildu du, Exekutiboa gastu-muga berri bat onartzera eta prozedura parlamentarioari berriro ekitera behartuko baitu.
Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legearen arabera, egonkortasun bide-orria atzera botata, Espainiako Gobernuak helburu berriak onartu beharko ditu lau asteko epean, ondoren Kongresura berriro bidaltzeko. Datorren astean abuztuko geldialdia hasiko dela kontuan hartu behar da.
Bigarren bide-orri hori onartuz gero, Senatura igaro beharko luke, eta, bertan, Goi Ganberak PPren gehiengo osoarekin atzera botako luketela ematen du. Ondorioz, Kongresura itzuli beharko luke aurrekoaren betoa bertan behera uzteko.
Egonkortasun-bide bat egon arte, Espainiako Gobernuak ezin ditu 2025eko aurrekontuak aurkeztu, eta hori iraila amaitu baino lehen egin beharko luke, urteko azken hiru hilabeteetan Gorteetan izapidetu eta datorren urtarrilaren 1ean indarrean sar daitezen.
Espainiako Gobernuak ez du aurrekonturik onartu legealdi honetan; izan ere, Katalunian hauteskundeak deitu ostean 2024koak aurkezteari uko egin baitzion, horrek bazkide parlamentarioekin negoziatzea zailtzen zuelako.