Politika -
Begoña Gomez auzia
Begoña Gomez ikertzen ari den epaileak Pedro Sanchez deklaratzera deitu du lekuko gisa uztailaren 30ean
Espainiako Gobernuko presidenteak goizeko 11:00etan deklaratuko du Moncloan. Influentzia trafikoa eta ustelkeria delituak egotzita ari dira presidentearen emaztea ikertzen.
EITB MEDIA
Begoña Gomez ikertzen ari den epaileak lekuko gisa deklaratzera deitu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea uztailaren 30ean, goizeko 11:00etan. Influentzia trafikoa eta ustelkeria delituak egotzita ari dira presidentearen emaztea ikertzen.
Sanchezen deklarazioa Moncloa Jauregian izango da, Prozedura Kriminalaren Legeak (LeCrim) ezartzen duenaren arabera. Lege horrek dio epailea Gobernuko presidentearen egoitzara edo bulego ofizialera joango dela, baldin eta deklarazioa "karguagatik ezagutu ez dituen gaiei buruzkoa bada". Horrez gainera, lege horrek berak edozein pertsona salbuesten du bere ezkontidearen aurkako adierazpena egitetik.
Zitazio honekin, Madrilgo 41 zenbakiko Instrukzio Epaitegiko titularrak onartu egin du herri-akusazioek egindako eskaera, Voxek zuzendu zuena, gobernuburuaren deklarazioa eskatuz, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez.
Sanchez bakarrik ez, epaileak, beste ebazpen batean, Joaqun Goyache Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko errektorea ere inputatzea erabaki du, eta berak uztailaren 29an deklaratu beharko du.
Joan zen apirilaren 16an agindu zuen Peinado epaileak Gomezen aurkako izapideak irekitzeko, Manos Limpias sasi-sindikatu ultraeskuindarrak jarritako salaketa baten ondorioz. Hil horren amaieran, Madrilgo Probintzia Fiskaltzak errekurtsoa jarri zuen Epaitegiaren erabakiaren aurka, eta kasua artxibatzeko eskatu zuen. Hala ere, ikerketak aurrera jarraitzen du, hainbat pertsonak deklaratuta.
Bestalde, Manos Limpiasek aitortu zuen Gomezi jarritako salaketa "kazetaritza-informazioetan eta horietan bakarrik" oinarrituta dagoela.
Presidentearen emaztea uztailaren 19an joan zen epaitegietara, deklaratzeko zitazio bat jaso ondoren. Baina bere abokatuaren gomendioari jarraituz, ez deklaratzeko eskubideari heldu zion.
Ikerketa hasi zenean, Pedro Sanchezek bere agenda bertan behera utzi zuen eta bost egun hartu zituen Estatuko gobernuburu izaten jarraitu ala ez hausnartzeko. Egun horien ostean, karguan jarraitzea erabaki zuen eta demokrazia biziberritzeko neurri sorta bat iragarri zuen.