Politika -

Madril

Begoña Gomezek ez deklaratzeko hautua egin du, berme falta ikusten duen abokatuaren gomendioari jarraiki

Antonio Camacho abokatuak beharrezko ikusten du instrukzio-epaileak ikerketaren mugak zehaztea, den-dena mugarik gabe ikertzeak, berme falta ekartzeaz gain, prozedura "xederik eta edukirik gabe uzten duelako".

Antonio Camacho, Begoña Gomezen abokatua, gaur. EFE.
Antonio Camacho, Begoña Gomezen abokatua, gaur. EFE.
Begoña Gomezek ikertzen ari den epailearen aurrean ez deklaratzeko eskubideari heldu dio

0:27

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Begoña Gomezek uko egin dio ostiral honetan epailearen aurrean deklaratzeari, horretarako eskubidea baliatuta. Izan ere, ez deklaratzea gomendatu dio Antonio Camacho abokatuak, prozeduran berme-falta sumatzen duelako. Espainiako Gobernuko presidentearen emaztearen kontrako auzia zabalik du Juan Carlos Peinado epaileak, influentzia-trafiko eta ustelkeriaren ustezko delituak egotzita. 

"Ordezkatzen dudan Gomez andereak ez badu deklaratu, ez da ezkutatzeko ezer duelako, baizik eta defentsa honek deklarazio hori ez egiteko gomendatu diolako", esan du Antonio Camachok hedabideei Castilla plazako epaitegietatik ateratakoan egindako adierazpenetan. 

"Gure ustez, eta Probintzia Auzitegiaren autoari jarraituz, prozedura honek ez du inolako xederik une honetan, batez ere, Probintzia Auzitegiaren ebazpenaren ondotik egin diren diligentziek ez dutelako inongo ekarpenik egin. Are gehiago, Guardia Zibilaren atestatuek jaso dute ez dagoela inongo irregulartasunik", esan du Camachok. 

Camachok beharrezko ikusten du instrukzio-epaileak ikerketaren muga batzuk ezartzea. Izan ere, azaldu duenez, Gomezek egindako "ekintza, jokabide eta portaera guztiak" ikertzen ari da, "haren senarra Espainiako Gobernuko presidentea denetik". Horren iritziz, "bistakoa" da epaile batek ezin duela "edozer gauza ikertu, ikerketaren xedea zein den zehaztu behar du, hori bermea delako ikertuentzat, eta egin duen zehaztapenarekin, eta uztailaren 1eko autoan jasota dagoen haritik, prozedura edukirik gabe gelditu da", gehitu du. 

Pedro Sanchezen emaztea ikertu gisa deklaratzera deituta zegoen, influentzia-trafikoa eta negozioetan ustelkeria delituak egotzita, Manos Limpiasen salaketa baten ondorioz. Prozeduran, Vox, Hazte Oir, Iustitia Europa eta Berrikuntza Politikoaren Mugimendua ere badaude. Fiskaltza hasierako salaketa onartzearen aurka agertu zen.

Uztailaren 5ean izan zuen Gomezek lehen agerraldia, eta orduan esan zuen ez zekiela zer zen leporatzen ziotena, eta Hazte Oir elkartearen kereilaren berri ez ziotela eman. Hori ikusirik, bertan behera utzi zuen epaileak agerraldia, eta ostiral honetarako jarri zuen data.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Epaiketak Pedro Sánchez Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak Madril