Politika -
Ikerketa judiziala
Begoña Gomezek ez du Barrabesen deklaraziora joan beharko
Enpresaburuari alta eman diote. Beraz, epaitegian hartuko diote deklarazioa eta, aurreikusitakoaren aurka, ez da aurrez eratutako froga gisa erabiliko. Aurretik, epaileak bertaratzeko betebeharra zuela eta egin ezean hura atxilotzeko agindua eman zezakeela jakinarazi zion Sanchezen emazteari.
Agentziak | EITB Media
Begoña Gomezek, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen emazteak, ez du epaitegietara joan beharko astelehenean, uztailaren 15ean, Juan Carlos Barrabes enpresariaren deklarazioaren lekuko izateko.
Enpresariak alta jaso du eta, dagoeneko, ez dago erietxean ingresatuta. Beraz, Juan Carlos Peinado epaileak deklarazioa epaitegian hartzea erabaki du. Horrela, haren testigantza ez da aldez aurretik eratutako froga gisa egingo, eta Pedro Sanchezen emazteak ez luke bertaratu beharrik izango.
Horren aurretik, ordea, epaileak Gomezi ohartarazi zion deklarazio horretara joateko "betebeharra" zuela eta, hala egiten ez bazuen, haren aurkako "atxilotze agindua" eman zezakeela. Sanchezen emazteak jaso zuen Madrilgo 41. Instrukzio Epaitegiaren zitazio-zedulan azaltzen zenez, Barrabesen deklarazioa aurrez eratutako froga gisa erabiliko zen, lekukoaren osasun-arrazoiengatik, eta, egunen batean epaiketa bat eginez gero, erabili ahal izango zuten. Hori zen Begoña Gomez presentzialki bertan egoteko arrazoia.
Bestetik, Gomezen defentsa abokatuak, Antonio Camachok, auzia artxibatzeko eskatu dio Madrilgo Probintzia Auzitegiari, "ikerketa unibertsala irekitzea ahalbidetzen duen elementurik ez dagoela" argudiatuta. Camachok errekurtsoa aurkeztu du Peinado epaileak hilaren 2an emandako autoaren aurka.
Auto hartan epaileak adierazi zuen "bere senarra Espainiako Gobernuko presidentea denetik ikertuak egin dituen ekintza, jarrera eta jokabide guztiak" direla ikergai eta "hasierako salaketan jasota" daudela.
Ikerketatik kanpo utzi zituen Red.es erakunde publikoak Innova Next eta Escuela de Negocios The Valley aldi baterako enpresa-elkarteari esleitutako kontratuei buruzko egitateak. Kontratu horiek Europako funtsekin finantzatu ziren, eta Europako Fiskaltzari dagokio horien berri izatea.
Hala ere, defentsa abokatuak alegazioan azaldu duenez, "ikertzen ari diren gertakari horiei buruz, dagoeneko Probintzia Auzitegiak esana du ez dagoela nahikoa froga-oinarririk", eta "ez da hasierako salaketan jasotakoez bestelako elementurik aurkeztu".
Camachoren aburuz, auziari gehitu zaizkion "elementu desberdin" bakarrak "bost akusazio partikularrek aurkeztutako dozenaka idazki" dira. Horietako gehienak "bertaratu izanaren ondorio diren prozesuei" lotutakoak dira edota Begoña Gomezen "jokabideari buruzko zantzurik ematen ez duten prentsako eta dokumentazioko albiste gehiago" dituzten alegazioei buruzkoak dira.
Gomezen defentsak azpimarratu du Peinado epailea "doktrinak ikerketa prospektiboa deitu duenaren adibide praktiko bat" egiten ari dela, eta Madrilgo Auzitegiak zehaztu zuen "ikerketaren mugetatik harago" doala.
Hori dela eta, abokatuaren iritzian, "Gomez lotzen duen zantzu txikienik ez dagoenez, ez ikertzen ari diren kontratuekin (...) ezta Air Europaren gorabehera ekonomikoekin ere", "prozedura honetan ikertu gisa egoteari utzi behar dio".