Politika -

Katalunia

Puigdemont, Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren ondoren: "La Toga Nostra"

Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidenteak esan du "zitalkeria" dela, eta epaileek politika egitea deitoratu du. Era berean, Junts, ERC, EAJ, Sumar eta Podemosek Gorenaren erabakia kritikatu dute. PSOEk errespetua agertu du, nahiz eta ados ez egon, eta PPk eta Voxek ebazpena babestu dute.

Carles Puigdemont, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Carles Puigdemont, artxiboko irudi batean
Carles Puigdemont, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak epaileak siziliar mafiarekin alderatu ditu, X sare sozialean zabaldutako mezu batean: "La Toga Nostra" idatzi du, siziliar mafiari keinu eginez. Horrela erantzun du Auzitegi Gorenak diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua Amnistia Legetik at uztea erabaki ondoren. Ez ditu Toni Comin eta Lluis Puig Kataluniako Gobernuko kontseilari izandakoak amnistiatuko eta horiek atxilotzeko aginduak ere mantendu ditu.

Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidenteak esan du "zitalkeria" dela Gorenak Amnistia Legea aplikatzeari uko egitea. X sare sozialean idatzitako mezu batean, "zuzenbidezko estatu batean desegokia den rol politikoa" hartzea leporatu die epaileei. "Berriro berresten dut Kataluniako Parlamentuan diputatuen eskubideak errespetarazteko erabakia, botoa emateko eta bozkatuak izateko eskubidea barne", gaineratu du.

Alderdi abertzaleek Gorenaren erabakia gogor kritikatu dute

Toni Comin Juntsen Europako hauteskundeetarako zerrendaburuak gogor kritikatu du erabakia, "demokrazia hiltzea" eta "toga duen estatu-kolpea" delako.

"Llarenaren gaurko ebazpena kontraesanean dago guztiekin, Fiskaltzarekin eta defentsarekin kontraesanean", adierazi du Cominek Europako Parlamentuaren Bruselako egoitzan egindako adierazpenetan. Bertan, "Zuzenbide Estatuaren printzipioen aurka" doala eta "botere-banaketaren urraketa larria" dela adierazi du.

Bestalde, Raquel Sans ERCko bozeramaileak "demokraziarekiko errespetu faltatzat" jo du Gorenaren erabakia. "Demokraziarekiko, botere-banaketarekiko eta herritarrekiko errespetu falta bat dela uste dugu, baina argi genuen gerta litekeela", deitoratu du Sansek epailearen erabakiaren berri izan ostean.

Bere arabera, Amnistia Legea aplikatzea baztertzea ez da ezustekoa, eta "justizia ordez politika egitea" leporatu die epaileei. ERCko bozeramaileak gaineratu du Amnistia Legea demokratikoki onartu zela eta lehenago edo geroago "aplikatu" beharko dutela epaileek.

EAJren ustez, Gorenaren "interpretazio murriztailea" amnistiaren legea idazteko eta onartzeko erabili zen "espirituaren" aurka doa. Ohar batean azaldu duenez, interpretazio horrek "oztopo berri bat jartzen du normalizaziorako eta elkarrizketarako bidean".

"Beste behin ere", EAJk "irtenbide politikoak" eskatu ditu "beti auzi politikoa" izan den Kataluniako auzi nazionalari, baita euskal auzi nazionalerako ere. "Politikatik bakarrik konpondu ahal izango dira arazo politikoak ", gaineratu du.

Espainiako ezkerrak erabakia kritikatu du

PSOEtik, erabaki judizialekiko errespetua agertu dute, baina Gorenak hartutako erabakiaren argudioekin bat ez datozela adierazi dute. Gainera, "harrigarriak eta beharrezkoak ez diren adierazpen politikoak" egin dituela kritikatu dute. Sozialistek adierazi dutenez, "esparru politikoan eman behar da legeei, indar politikoen arteko itunei eta arauen izapidetze parlamentarioari buruzko iritzia, ez judizialean".

Ernest Urtasun Sumarreko bozeramaileak, bere aldetik, justiziak "legegilearen borondateari" eusteko eta legea bere osotasunean aplikatzeko eskatu du. Era berean, ziur agertu da ebazpen horrek ez diola legealdiko egonkortasunari eragingo.

Ione Belarra Podemoseko buruak salatu duenez, Gorenak legea aplikatzeari uko egiten dio, eta jarrera hori "eraso judizial erreakzionario gogor baten ondorio" dela adierazi du.

Irene Montero eurodiputatu hautetsiak eta alderdi moreko bigarrenak ere Goreneko magistratuen aurka egin du, "Alderdi Judizial Erreakzionarioari eskua eman eta besotik heltzen dizulako".

Espainiako eskuinak erabakia babestu eta txalotu du

"Epaileek Espainiako eta Europako ordenamendu juridikoaren arabera aplikatzen dituzte legeak, ez Pedro Sanchezek bere Gobernua bermatzeko eta independentistekin eta gobernukideekin dituen konpromisoak bete ahal izateko nahi dituen interes eta interpretazioetan oinarrituta", esan du Cuca Gamarra PPko idazkari nagusiak.

Santiago Abascal Vox alderdi ultraeskuindarreko buruzagiak Gorenaren erabakia txalotu du, eta esan du erabakiak "dezentzia apur bat" erakusten duela "hainbeste lotsagabekeriaren artean". Abascalen ustez, Gorenaren erabakiak "zintzotasun pixka bat ematen du hainbeste lotsagabekeriaren artean", X sare sozialean duen kontuan adierazi duenez. Voxen beste aurpegi batzuk, David Garcia diputatua edo Hermann Tertsch eurodiputatua kasu, ildo beretik mintzatu dira, presidente ohia eta gainerako zigortuak espetxeratzeko eskatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Auzitegi Gorena Espainia argazkiak Epaiketak albisteak Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont Kataluniako prozesua zuzenean Azken ordukoa Espainia Amnistia Junts per Catalunya Alderdi politikoak albisteak Kataluniako Ezker Errepublikanoaren albisteak