Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Zabaleta: 'EH Bilduk garaile izateko aukera handiak ditu'
Aralarren koordinatzailearen arabera, "Euskadiko gehiengo zabala aurrerakuntzaren eta ezkerraren alde dago eta, zalantzarik gabe, nazionalismoaren balore demokratikoen alde".
Erredakzioa
Patxi Zabaleta Aralarren koordinatzaileak esan duenez, EH Bildu koalizioak urriaren 21ean egingo diren hauteskunde autonomikoetan indar bozkatuena izateko "aukera handiak ditu"; hortaz, Laura Mintegi hautagaiak lehendakari izateko "aukera handia" du.
Euskadi Irratiak egindako elkarrizketa batean Zabaletak esandakoaren arabera, Aralar "dagokion neurrian" dago ordezkatuta EH Bildu koalizioan eta, aurreikusi duenez, Euskadiko "gehiengo abertzalea, progresista eta ezkertiarrak EH Bilduren aurrerapausoa ez ezik, gehiengo horren irudi berri bat islatuko du".
Ildo horretatik, "Euskal Herria horrelakoa da, eta gehiengo progresista, abertzale eta ezkertiar horrek urte gehiegi eman ditu estalita eta baztertuta. Hau da aurrera egiteko momentua. Uste dut Laura Mintegik lehendakari izateko aukera handia duela eta hori Euskal Herriak behar duen bake, normalkuntza eta berritze prozesua burutzeko bermerik onena litzateke", gaineratu du.
Halaber, Aralarren koordinatzailearen arabera, "Euskadiko gehiengo zabala aurrerakuntzaren eta ezkerraren alde dago eta, zalantzarik gabe, nazionalismoaren balore demokratikoen alde"; hortaz, bere iritzian, EH Bilduk lehenengo indarra izateko "aukera handia" du.
"Bakea ez da opari bat, askatasuna ere ez, irabazi egin behar dira eta irabaziko dira". "Kalera irtetea besterik ez dago ohartzeko herri hau duela bi urte baino baketsuagoa dela, baina ez da Madrileko Gobernuari esker gertatu", ziurtatu du.