Politika -
KATALUNIA
Llarena epaileak Puigdemont Espainian atxilotzeko agindua mantendu du, Amnistia Legea indarrean sartuta ere
Kataluniako auziko instrukzio epaile ere badenak bost eguneko epea eman die aldeei, Amnistia Legea erbestera joan ziren buruzagi independentistei nola aplikatu behar zaien azaldu dezaten.
EiTB Media
Pablo Llarena Auzitegi Goreneko magistratuak Carles Puigdemont Espainiako Estatuan atxilotzeko agindua mantentzea erabaki du, Amnistia Legea gaurtik indarrean badago ere.
Gaur goizean Llarenak argitaratutako ebazpenaren arabera, Carles Puigdemont eta erbestera joandako beste hiru buruzagi independentisten aurkako atxilotze aginduek "indarrean" jarraitzen dute. Ildo horretan, segurtasun indarrei gogorarazi die agindu horiek bete egin behar dituztela baliogabetzen ez diren bitartean.
Kataluniako auziko instrukzio epaile ere badenak bost eguneko epea eman die aldeei (Fiskaltza eta defentsa abokatuak), Amnistia Legea erbestera joan ziren buruzagi independentistei nola aplikatu behar zaien azaldu dezaten.
Bestalde, Kataluniako prozesua epaitu zuen Auzitegi Gorenaren Zigor Arloko Aretoak eta Susana Polo 'Tsunami Democratic' auziaren instrukzio epaileak beste bi probidentzia helarazi dizkiete aldeei, Amnistia Legearen aplikazioari buruzko alegazioak aurkeztu ditzaten.
Gaur bertan ERCko eta Juntseko auzipetuak hasi dira amnistia ofizialki eskatzen. Eskaera egin dutenen artean daude, besteak beste, Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde ohia, Raul Romeva, Dolors Bassa, Carles Mundo eta Meritxell Serret kontseilari ohiak, Marta Rovira ERCko idazkari nagusia, Carme Forcadell Parlamentuko presidente ohia, Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidente berria eta Jordi Turull Juntseko idazkari nagusia.