Politika -
AMNISTIA LEGEA
Amnistia Legea indarrean sartu da, Estatuko Aldizkari Ofizialak publikatu ondoren
Orain, bi hilabeteko epea irekiko da, epaileek eta auzitegiek aplikatu dezaten. Epe hori, baina, eten egingo litzateke, norbaitek Legea Europako Auzitegietara eramango balu.
EITB MEDIA
Estatuko Aldizkari Ofizialak Katalunian normalizazio instituzional, politiko eta sozialerako Amnistiari buruzko Lege Organikoa argitaratu du gaur goizean. Hortaz, berehala sartu da indarrean.
Orain, bi hilabeteko epea zabaldu da epaileek eta auzitegiek aplika dezaten.
Felipe VI.a erregeak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak sinatutako dekretuak Kongresuak joan den ostegunean gehiengo osoarekin babestu zuen araua jasotzen du.
Sanchezen inbestidurari babesa ematearen truke PSOEk ERCrekin eta Juntsekin egindako itunetatik sortu zen neurria, eta 2011ko azaroaren 1etik 2023ko azaroaren 13ra bitartean mobilizazio independentistetan parte hartu zutenei amnistia onartzea du helburu.
2014ko azaroaren 9ko kontsultagatik eta 2017ko erreferendum independentistagatik zigortutakoei eragingo die. Horrez gain,m Auzitegi Gorenaren epaiaren aurkako ondorengo istiluengatik irekitako ikerketak artxibatzea ahalbideratuko du.
Felix Bolaños Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako ministroaren arabera, arauak 372 pertsona babestuko ditu.
Orain, epaileek eta auzitegiek bi hilabeteko epea dute aplikatzeko. Hori bai, epe hori eten egingo da gaia Europako justiziara eramaten bada. Aldizkari ofizialak konstituziokontrakotasun errekurtsoak aurkezteko epea ere ireki du. Dagoeneko, PPk iragarri du errekurritu egingo duela.