Politika -
KATALUNIA
Josep Rull, Kataluniako "errepresioaren aurkako mahaiaren" presidente, Junts, ERC eta CUPen babesari esker
Bigarren bozketan 59 boto jaso ditu Juntseko hautagaiak, eta Silvia Paneque alderdi sozialistaren hautagaiak 42. Kataluniako Parlamentuak Raquel Sans (ERC) izendatu du presidenteorde eta David Perez (PSC) bigarren presidenteorde.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Josep Rull Generalitateko kontseilari ohi eta alderdiko Kontseilu Nazionaleko presidentea Kataluniako Parlamentuko presidente izendatu dute, Juntsek, ERCk eta CUPek Kataluniako Ganberako Mahaia osatzeko akordioa lortu ostean.
Osoko bilkura 16:00etan hasi da. Bigarren bozketan 59 boto jaso ditu Juntseko hautagaiak, eta Silvia Paneque alderdi sozialistaren hautagaiak 42. Lehen bozketan hautagaiek ez dute presidente izendatzeko gutxieneko babesa lortu; hau da, Kataluniako Parlamentuan ordezkatutako 135 diputatuetatik 68 ordazkariren babesa.
Testuinguru horretan, PP, Vox eta Comuns-Sumar koalizioak beren hautagaiei botoa ematera mugatu dira, eta ez diote beste alderdi bati babesik eman. Josep Rullek Anna Erraren lekukoa hartu du Kataluniako Parlamentuko presidente gisa.
Rullek hamar egun baliodun ditu Parlamentuko ordezkariekin hitz egiteko, eta Generalitateko presidente izateko hautagai bat proposatzeko. Hauteskundeen osteko inbestidura saioa ekainaren 25ean egin beharko da beranduenez, eta Salvador Illa edo Carles Puigdemont izan daitezke presidente.
Alderdi sozialistak irabazi zituen Kataluniako hauteskundeak, 42 eserlekurekin, eta Illak aukera gehiago ditu presidente izateko. Hala ere, Comuns-Sumar koalizioko diputatuen (6) babesa ez ezik, ERCren diputatuena ere (20) behar du gehiengo osoa ziurtatzeko.
Errepublikanoek ez dute Illa presidente izendatzea baztertu, baina, lehenik eta behin, Kataluniarentzako finantzaketa-eredu berezi bat adostea eskatzen dute.
Puigdemontek, aldiz, ERCren eta CUPen babesa behar du, eta, gainera, sozialisten abstentzioa. Une honetan badirudi pentsaezina dela aukera hori. Hori dela eta, Junts alderdiko kideek uste dute urrian hauteskundeak errepikatuko direla.
Kataluniako Parlamentu berriaren lehen osoko bilkuraren aurreko orduetan bilera ugari izan dira, ganberako mahaiaren osaerari buruzko akordio bat lotzen saiatzeko.
Rullek CUPeko lau ordezkarien babesa izan du, alderdi horren arabera "erbesteratuen botoak eta independentziaren testuinguruan ulertu beharreko lege zein arau ezkertiarren eztabaida bermatzeko".
Goizean, Juntsen talde parlamentarioa Kataluniako Parlamentuan bildu da. Bilera horretan parte hartu dute, besteak beste, Jordi Turull Juntseko idazkari nagusiak eta Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi eta Kataluniako hauteskundeetako hautagaiak (modu telematikoan).
Gauzak horrela, alderdi independentistek "mahai subiranista" lortu dute ganbera horretan. Hala ere, presidenteordeak eta idazkariak nortzuk izango diren zehaztu behar dute oraindik.
Kataluniako Parlamentuak Raquel Sans (ERC) izendatu du presidenteorde eta David Perez (PSC) bigarren presidenteorde. ERCko diputatua hiru alderdi independentistek (Junts, ERC eta CUP) lortutako akordioari esker izendatu dute lehen presidenteorde.