Politika -
EUROPAKO HAUTESKUNDEAK
Ipar Euskal Herrian, eskuin muturra garaile
Marine Le Penen Bilgune Nazionalak herri eta hiri nagusietan irabazi du: Baionan, Donibane Lohizunen, Hendaian, Kanbon, Senperen eta Urruñan, besteak beste.
EITB MEDIA
Eskuin muturra gailendu da Ipar Euskal Herrian. Marine Le Penen Bilgune Nazionalak irabazi ditu bozak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eta baita hiru lurraldeok batzen dituen Pirinio Atlantikoetan ere.
Botoen % 100 zenbatuta, Lapurdin lehen indarra Bilgune Nazionala izan da, botoen % 23,25 bereganatuta, eta Emmanuel Macronen Errenazimentua izan da bigarrena, botoen % 17,31 eskuratuta. Eskuin muturrak irabazi du lurralde horretako herri eta hiri nagusietan; Baionan, Donibane Lohizunen, Kanbon, Senperen eta Urruñan, besteak beste.
Nafarroa Beherean ere, Le Penen alderdiak irabazi ditu bozak, botoen % 21 bereganatuta. Atzetik, Landa Aliantza alderdia geratu da, botoen % 17rekin, eta hirugarren lekuan Errenazimentua, % 14,19rekin.
Zuberoan ere, eskuin muturra nagusitu da. Bilgune Nazionala izan da lehen indarra, botoen % 19 bereganatuta, eta Landa Aliantza izan da bigarrena, botoen % 18rekin.