Politika -
EUROPAKO HAUTESKUNDEAK
PPk irabazi ditu Europako hauteskundeak Espainian, sozialistek baino bi eserleku gehiago lortuta
Alderdi Popularrak 22 eurodiputatu izango ditu; PSOEk, berriz, 20. Vox hirugarren indarra izan da Espainian, 6 eserleku lortuta. Atzetik ditu Orain Errepublikak, Sumar eta Se Acabo La Fiesta, hiruna eserlekurekin. Podemosek 2 ordezkari izango ditu, eta Juntsek eta CEUSek bana.
EITB MEDIA
PPk irabazi ditu Europako Parlamenturako hauteskundeak Espainian, botoen % 34,18 eta 22 eserleku erdietsita. PSOEri bi eserlekuko abantaila atera dio oraingoan, bozen % 30,19 jaso baitituzte sozialistek.
Gaurko emaitzak kontuan izanda, Vox alderdi ultraeskuindarra izan da hirugarren indarra, botoen % 9,62 eta 6 eserleku lortuta. Atzetik ditu Orain Errepublikak, Sumar eta Luis "Alvise" Perezen Se Acabo La Fiesta (SALF), hiruna eserlekurekin. Podemosek 2 ordezkari izango ditu, eta Juntsek eta CEUSek bana.
Ciudadanos Parlamentutik kanpo geratu da, 8 eurodiputatuak galdu baititu. Botoen % 0,69 soilik bereganatu ditu.
Gauzak horrela, eserleku bat galdu badute ere, sozialistek 20 eurodiputatu izaten jarraituko dute, % 32,86tik % 30,18ra egin baitute behera.
Kontrara, Voxek 3,4 puntu egin du gora, eta 2019an baino bi eserleku gehiago lortu ditu.
Podemosen kasuan, IUrekin aurkeztu zen duela bost urteko hauteskundeetan, eta ordezkaritza Sumarrekin banatu du oraingoan. Hain zuzen ere, botoen % 4,65 jaso ditu Sumarrek, eta % 3,27, berriz, Podemosek. Indarra galdu dute, beraz, 2019an hauteskundeetan botoen % 10 eskuratu baitzituen alderdi moreak.
Orain Errepublikak-ek orain arte izan duen eurodiputatu kopuru berbera izango du datozen bost urteetan ere, nahiz eta sei hamarren egin duen behera.
Juntsek, ostera, egurra jaso du igande honetako bozketan; izan ere, babesen erdia galdu du, botoen % 1,99 gutxiago eta 2 eserleku gutxiago eskuratuta.
CEUSek ere emaitza txarragoak lortu ditu oraingoan, botoen % 2,82 jasotzetik % 1,61 jasotzera igaro baita.
Esan bezala, Ciudadanosek behea jo du, 8 eurodiputatuak galduta. Botoen % 12,18 jasotzetik % 0,69 jasotzera igaro da.
Parte hartzea
Europako Parlamenturako hauteskundeetan, espainiar hautesleen % 49,2k bozkatu dute; 2019ko bozetan % 60,7k hartu zuten parte. Orain bost urteko hauteskundeak, baina, udal eta foru bozekin batera egin ziren. 2014ko parte-hartzearekin erkatuta, % 5,4 igo da parte-hartzea igande honetako hitzorduan.
Nafarroan eta EAEn, nabarmen egin du behera parte-hartzeak; % 14,09 eta % 11,76, hurrenez hurren.