Politika -

IKERKETA

Madrilgo Auzitegiak babestu egin du influentzia trafikoagatik Begoña Gomezen aurkako auzia zabaltzea

Auziaren sumarioaren sekretua altxatu eta Guardia Zibilaren txostenaren edukia ezagutu denean etorri da Madrilgo Auzitegiaren erabakia; horren arabera, ez dago delitu zantzurik Espainiako presidentearen emaztearen jardunean.

Begoña Gomez, artxiboko irudi batean
Begoña Gomez, artxiboko irudi batean.
Begoña Gomez, artxiboko irudi batean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo Lurralde Auzitegiak babestu egin du influentzia trafikoagatik eta ustelkeriagatik Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen emazte Begoña Gomezen kontrako auzia zabaltzea. Juan Carlos Peinado Madrilgo Instrukzio Auzitegiko epaileak erabaki zuen auzia irekitzea, Manos Limpias sasi-sindikatu ultraeskuindarraren salaketa aintzat hartuta.

Hala, gaur kaleratutako autoan, Fiskaltzak auzia artxibatzeko egindako eskaria atzera bota du Madrilgo Lurralde Auzitegiak, iritzita badaudela arrazoiak Gomez ikertzeko.

Idatziak dioenez,  salaketaren edukia "nahasia" den arren, "oinarria" da aztertu edo ikertu behar dena. Hau da, "Gomezek presidentearen emazte gisa zuen influentzia" erabili ote zuen, kontratuak lortzeko.

Zehatzago, Madrilgo Lurralde Auzitegiak uste du Manos Limpiasen salaketaren lehendabiziko atalean, bereziki, Globaliaren erreskateari buruzkoan, "datu okerrak" eta "egiazkoak ez direnak" agertzen direla. "Usteetan dago oinarrituta". 

Aldiz, bigarren zatian, autoaren arabera, hainbat arrazoi ikusi ditu Auzitegiak, ikerketa abian jartzeko abiapuntu direnak, onartu badu ere "oso urrun" egon daitezkeela auzipetzea zabaltzea ekar dezaketen zantzuetatik. "Beharrezko egiaztapenak eta ikerketak egin ondoren hipotesia ezerezean geratzen bada, berehala artxibatzea erabakiko da".

Auziaren sumarioaren sekretua altxatu eta Guardia Zibilaren txostenaren edukia ezagutu denean etorri da Madrilgo Auzitegiaren erabakia; horren arabera, ez dago delitu zantzurik Espainiako presidentearen emaztearen jardunean

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Madril