Politika -
Lurrikara politikoa Katalunian
Junquerasek presioak ukatu ditu eta "militantziaren babesa" bilatuko du ERCren burua izaten jarraitzeko
ERCko presidenteak agerraldia egin du, idatziz ekainaren 9tik aurrera alderdiaren buru izateari utziko diola iragarri ostean. Dioenez, "gogotsu eta baliagarri" ikusten du bere burua.
EITB Media
Hauteskunde porrotaren ostean behin-behineko dimisioa idatziz iragarri ostean, Oriol Junquerasek "militantziaren babesa" bilatuko duela alderdia zuzentzen jarraitzeko, eta azaroaren 30ean ERCk egitekoa duen Kongresu Nazionalari begira. Era berean, kargua uzteko presiorik jaso ez duela nabarmendu du.
Bartzelonan egindako agerraldi batean, buruzagi ezkertiarrak esan du "gogotsu eta baliagarri" ikusten duela bere burua alderdia gidatzen jarraitzeko, baina horretarako "militantziaren babes argi eta berritua" behar duela.
"Jendearekin berriro konektatzeko entzunaldia egin behar da", erantsi du. Azpimarratu duenez, "kalera irtetzeko beharra dut, jendearekin hitz egitekoa. Atez ate, aurrez aurre. Proiektu partekatu bat berreraikitzea da asmoa".
"Ez dut presarik, baina ez diot ezeri muzin egin nahi alderdiaren eta herrialdearen alde egiteko orduan", argitu du.
ERCk zuzendaritza nagusiak lau ordu pasatxo bilera egin zuen atzo eta azaroaren amaieran kongresua egitea adostu. Hain justu, data hori jarri du ortzi mugan Junquerasek. Ingurumari horretan, erbestean den Marta Rovira ERCren idazkari nagusiak iragarri du ez dela idazkari nagusi kargura berriro aurkeztuko.
Junqueras kargu publikoan jarduteko baliogabetuta dago oraindik, amnistia legea indarrean noiz sartuko zain —Kongresuak behin betiko onartzea falta da—.
Kataluniako presidente berria aukeratzeko inbestidurari buruz galdetuta, Junquerasek erantzun du alderdiko "dagokion organoek" hartzen dituztela halako erabakiak. Salatu du aurreko legealdian Aragonesen gobernua "behin eta berriro trabatzeko eginahalak" egin dituztela PSCk, Juntsek eta Comunsek, eta euren arteko akordio bat ixteko deia egin die.