Politika -

Hauteskundeak Katalunian

Pere Aragonesek ez du diputatu akta jasoko eta politikaren lehen lerroa utziko du

Generalitateko jarduneko presidenteak iragarri duenez, alderdiarekin eta Kataluniarekin duen "arduragatik" hartu du erabakia. Halaber, argi eta garbi utzi du ERCk ez duela PSCren inbestidura erraztuko, ezta "Juntsen eta PSCren akordioa behar duten operazioetan" parte hartuko ere.

Pere Aragones. EiTB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Pere Aragones
Pere Aragonesek (ERC) politika utziko duela iragarri du, ''erantzukizunagatik eta zintzotasunagatik''

0:44

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pere Aragones Kataluniako Generalitateko jarduneko presidenteak gaur iragarri du ez duela diputatu akta hartuko eta politikoaren lehen lerroa utziko duela ERCk atzoko hauteskundeetan "emaitza txarrak" izan ondoren.

ERCren zuzendaritzak bilera egin ondotik bakarrik kazetarien aurrean egin duen agerraldian adierazi duenez, alderdiarekiko eta Kataluniarekiko duen "arduragatik" hartu du erabakia.

Gobernagarritasunari begira ERCk emango dituen hurrengo pausoen inguruan galdetuta, Aragonesek argi eta garbi utzi du ez duela PSCren inbestidura erraztuko, ezta "Juntsen eta PSCren akordioa behar duten operazioetan" parte hartuko ere. Horren esanetan, PSCk eta Juntsek "elkar ulertu" eta "egoera kudeatu" behar dute.

Halaber, aurreratu du ERCk aurrerago jakinaraziko duela balizko inbestiduran zer egingo duen.

Hauteskunde gauean egin zuen bezala, Aragonesek berretsi du alderdi errepublikanoa oposiziora igaroko dela: "Oposizioa oposizioa da". Halaber, posizio horretatik "desblokeorako elementua" izango dela nabarmendu du.

Alderdi errepublikanoa hirugarren indarra izan da maiatzaren 12ko hauteskundeetan, 20 eserlekurekin eta 13 ordezkari galduta, PSCren (42 eserleku) eta Juntsen atzetik (35 eserleku).

Bestalde, Aragonesek adierazi du jarduneko presidente izaten jarraituko duela eta Kataluniako Gobernu berriari trantsizioa errazteko ahaleginak egingo dituela. Era berean, ERCko koordinatzaile nazionalaren kargua utziko du bere ordezkoa izendatzen dutenean, hauteskunde emaitza "txarren" aldia atzean utzi eta "hazkunde" ziklo berri bat abiatzen laguntzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Berriak Politika Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Kataluniako Hauteskundeak gaur Pere Aragonès Kataluniako Ezker Errepublikanoaren albisteak Kataluniako Generalitatearen albisteak