Politika -
Hauteskundeak Katalunian
Katalunian "elkarrizketarako" eta "ezberdinen artean akordioak lortzeko" garaia dela uste du Ortuzarrek
EAJren EBBko presidenteak Salvador Illa eta Junts zoriondu ditu, hurrenez hurren, hauteskundeak irabazteagatik eta lehen indar subiranista izateagatik.
Agentziak | EiTB Media
Atzo Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak egin ondotik, han eta hemendik alderdi politikoen erreakzioak iristen ari dira. Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentearen arabera, "politikaren, elkarrizketaren eta ezberdinen arteko akordioen garaia da, Kataluniako nazioarentzat onena bilatuz".
Sare sozialetan zabaldutako mezuan, buruzagi jeltzaleak hauteskunde emaitzen osteko balorazioa egin du. PSC izan da lehen indarra, 42 eserlekurekin, Juntsen (35 eserleku) eta ERCren aurretik (20 eserleku).
Ortuzarren esanetan, hauteskunde emaitzek Kataluniako politikaren "konplexutasuna" eta "aniztasuna" islatzen dute. Azaldu duenez, zenbakiak estuak dira eta alderdiek tarte txikia izango dute gobernua osatzeko.
Hori dela eta, "politikaren", "elkarrizketaren" eta "ezberdinen arteko akordioen" garaia dela aldarrikatu du.
Amaitzeko, Ortuzarrek PSCren garaipena aitortu eta zoriondu egin du. Halaber, Junts ere zoriondu du lehen indar subiranista izateagatik.