Politika -

M12, KATALUNIAKO HAUTESKUNDEAK

PSCk irabazi ditu Kataluniako hauteskundeak eta Juntsek ERC aurreratu du

Salvador Illaren alderdiak 42 eserleku izango ditu, CAT-Juntsek 35 eta ERCk 20. PPk Vox aurreratu du eta Ciutadans Parlamentutik kanpo geratu da. Comuns Sumarrek 6 ordezkari izango ditu eta CUPek 4. Aliança Catalanak, berriz, ordezkaritza lortu du lehen aldiz.

Hau izango da Kataluniako Parlamentuaren osaketa berria. EITB Mediaren irudia.
Hau izango da Kataluniako Parlamentuaren osaketa berria. EITB Mediaren irudia.
Hau izango da Kataluniako Parlamentuaren osaketa berria. EITB Mediaren irudia.

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSCk irabazi ditu igande honetan egin diren Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak. Salvador Illa buru duen alderdiak 42 eserleku izango ditu Parlamentu berrian, botoen % 27,93 lortuta. PSCk 2021ean baino 9 eserleku gehiago lortu ditu.

CAT-Junts izan da bigarrena, 35 eserlekurekin, botoen % 21,64 eskuratuta, eta ERC hirugarrena, 20 eserleku eta botoen % 13,69rekin. CAT-Juntsek 3 eserleku irabazi ditu, eta 13 galdu, berriz, ERCk, kolpe gogorra jasota. Carles Puigdemontek ERCrekin zubiak berregitea eskatu du. 

PP laugarren geratu da, 15 eserlekurekin (botoen % 10,95), 12 eserleku gehiago lortu eta Vox aurreratuz. Eskuin muturra bosgarrena izan da, 11 eserleku eskuratuz (botoen % 7,95), 2021ean zituen berdinak. PP azkena izan zen azken hauteskundeetan; igoera nabarmena izan du, beraz.

Comuns Sumar koalizioak 6 eserleku izango ditu (botoen % 5,81), 2 galduz; CUPek 4 (botoen % 4,08), 5 galduz; eta Aliança Catalanak 2 ordezkari eskuratu ditu (botoen % 3,80).

Ciutadansek ez du ordezkaritzarik lortu. 6 ordezkari izan ditu orain arte. Carlos Carrizosa hautagaiak ez du baztertu hauteskundeak errepikatzea, eta Ciutadans berriro aurkeztuko dela adierazi du.

Itun posibleak

Kataluniako Parlamentuak 135 eserleku ditu, eta 68 behar dira gehiengo osoa izateko. Hauteskunde gaueko emaitzekin, bloke independentista gehiengo osotik urrun geratu da, CAT-Juntsen 35ak, ERCren 20ak eta CUPen 4ak batuta 59 ordezkari batuko lituzketelako.

Ezkerreko blokea, baina, gehiengo osora iritsiko litzateke, PSCren 42, ERCren 20 eta Comuns Sumarren 6 gehituta 68 izango lituzteketako. Gainera, CUPek (4) formula horrekin bat egingo balu, gehiengo osoa aise gaindituko lukete, 72 eserlekura iritsita.

Kaosa Rodaliesen

Rodalies zerbitzuan izan den kaosak markatu du jardunaldia. Gaur goizaldean Montcada Bifurcacioko instalazioetan kobrea lapurtzearen ondorioz, gaintentsioa izan da, eta horrek eragin orokorra izan du Kataluniako aldirietako eta distantzia ertaineko trenbide-zerbitzuan. Hori dela eta, Juntsek eta ERCk hauteslekuetan bozkatzeko ordutegia luzatzeko eskatu dute, baina ez da horrelakorik izan.

Parte hartzea % 57,96koa izan da, beraz sei puntu egin du gora 2021eko hauteskundeetatik, orduan % 51,29koa izan baitzen. Baina, azken ordura arte itxoin dute askok eta askok bozkatzera joateko. Izan ere, 18:00etan parte-hartzea aurreko hauteskundeen oso antzekoa zen % 46,8koa, 2021ean baino 0,19 puntu handiagoa.

Hauteskunde eguna, zenbakitan

5.754.840 pertsona, ia 6 milioi herritar, zeuden deituta Kataluniako Parlamentuko diputatuak hautatzeko, eta horiek, ondorengo asteetan, Kataluniako XIV. legegintzaldian, Generalitateko presidentea aukeratuko dute.  

135 eserleku zuden jokoan: 85 Bartzelonan, 18 Tarragonan, 17 Gironan eta 15 Lleidan. 

8.940 mahai izan dira 2.695 hauteslekuetan.

7.300 polizia-agentek (4.300 mosso eta 3.000 tokiko agente) zaindu dute herritarrek botoa "askatasunez" eta "segurtasunez" eman ahal izatea, hauteskundeen "garapen normala" eta hauteskunde-prozesuari lotutako "zibersegurtasuna".

2021eko hauteskundeetan baino 130.000 pertsona gehiagok izan dute maiatzaren 12an botoa emateko eskubidea. Gainera, 243.003 gaztek lehen aldiz bozkatu ahal izan dute, Kataluniako Parlamenturako azken hauteskundeetatik hona egin direlako adinez nagusi.

106.031 pertsonak eman dute botoa postaz (erroldaren % 1,95). Atzerrian bizi diren 300.000 herritarrei dagokienez, 24.233k baliatu dute botoa emateko eskubidea, hau da, atzerrian bizi diren katalanen % 8,23k.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Berriak Politika Albisteak PSOE Alderdi Popularra Bartzelona Alderdi politikoak bideoak Ciudadanos alderdia Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Kataluniako hauteskundeak CUP azken ordukoa ERC Sumar Mugimendua JxCat azken ordua