Politika -
Delituak
Madrilgo Fiskaltzak Ayusoren bikotekidearen kereila artxibatzeko eskatu du, deliturik ikusten ez duelako
Fiskaltzaren arabera, Alberto Gonzalez Amadorrek Madrilgo Fiskal nagusiaren eta delitu ekonomikoen fiskalaren aurka sekretuak aireratzeagatik ipinitako kereilak "ez dauka prozesu penal bat abiarazteko nahikoa muntarik".
Agentziak | EITB Media
Delitu zantzurik ez dagoela ikusita, Madrilgo Fiskaltzak Alberto Gonzalez Amadorrek Pilar Rodriguez Madrilgo Fiskal nagusiaren eta Julian Salto delitu ekonomikoen fiskalaren aurka, sekretuak aireratzearen ustezko delitu batengatik jarritako kereila artxibatzeko eskatu du.
Fiskalak ostiral honetan aurkeztu du Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusian EFEk eskuratu ahal izan duen idazkia. Bertan, kereilaren aurka agertu da, atzo, osteguna, Salako Fiskalen Batzordeak emandako irizpideari jarraiki. Izan ere, batzorde horrek, Maria Angeles Sanchez Conde fiskal nagusiordeak egindako eskaera babestu zuen, kausa artxibatzearena, alegia.
Idatzian, Fiskaltzak argudiatzen du kereilaren oinarri gisa argitaratu zen prentsa oharra, "iritzi publikoari egiazko informazioa ematera mugatu zela, hedabideetan argitaratutako albisteak baieztatzeko eskaerari erantzuteko", eta ez zela aireratu ordurako hainbat hedabidetan dagoeneko argitaratuta zeudenez besteko datu, gertakari edo dokumenturik". Halaber, Fiskaltzak dioenez, aurkeztutako kereilak "ez dauka prozesu penal bat abiarazteko nahikoa muntarik".
Prozedura penal bat irekitzeak (...) gure ordenamendu juridikoak galarazitako prospekzio-puntu orotako ikerketa kriminal bat irekitzea ekarriko luke ", gaineratzen du.