Politika -
Ustelkeria politikoa
Pandemian erositako maskaren kontratuak ikertuko ditu Kongresuak, "Koldo auzian" jasotakoekin hasita
Kongresuaren gehiengoaren babesarekin onartu dute ikerketa batzordea sortzea. PPk abstentziora jo du, eta Voxek kontra bozkatu du. Eztabaida zakarra izan da, eta PSOEk eta PPk ustelkeria leporatu diote elkarri.
Agentziak | EITB Media
Diputatuen Kongresuko osoko bilkuraren gehiengoak pandemian erositako maskaren kontratuak ikertzeko batzordea sortzea adostu du gaur, PPren abstentzioarekin eta Voxen kontrako botoarekin. "Koldo auzia" ez ezik, Madrilgo erkidegoan eta udalean jazotakoak ere aztertuko dituzte.
PSOEk aurkeztu du ekimena, eta horren alde egin dute 175 diputatuk (PSOE, inbestidurako bazkideak, CC, UPN eta Jose Luis Abalos diputatu ohi sozialista). PPren 136 ordezkariak abstenitu egin dira, eta Voxek 33ek kontra bozkatu dute.
Gai horren inguruan sortutako hirugarren batzordea da (Senatuak eta Balearretako Parlamentuak bana dute). Kasu honetan, Estatuko Administrazioak eta bestelako erakundeek pandemian zehar erositako maskaren kontratuak ikuskatuko dituzte, "egitateak, erantzukizunak, eta irakaspenak" ateratzeko.
"Koldo auzia"z gain, Madrilgo erkidegoak eta Udalak izenpetutako kontratuak ikertuko dituzte, "bi neurgailu erabili gabe, gardentasun osoarekin eta sendotasunez, arduraduna edozein dela ere".
Bozketaren aurretik eztabaida latza izan da, akusazio eta irainez betea. PSOEk Isabel Diaz Ayuso eta horren bikotekideari zabaldutako ikerketa fiskala izan ditu hizpide, gehien bat.
Jose Luis Abalos diputatu sozialista zenak (orain Talde Mistoan) ere batzordearen alde egin du. Nabarmendu duenez, "kasu guztiak ikertzea nahi dut".
PPk abstentziora jo du, "baietza"ren truke Francina Armengol Kongresuko presidente eta Balearretako gobernuburu zenaren dimisioa eskatzen baitzuen. Izan ere, "Koldo auzian" nahastuta dagoela uste dute popularrek. Macarena Montesinos PPk diputatuak esan duenez, "'Koldo auzia' ez da lau lapur sozialisten sarea, Sanchismoan karguren bat izan duten guztiak daude nahastuta".
Euskal taldeei dagokienez, EAJk alde bozkatu du gertatutakoa "guztiz argitzea" nahi dutelako. EH Bilduren esanetan, "aukera bikaina da erakundeen ate eta leihoak parez pare zabaltzeko, eta ikusteko nor aberastu den herritarrentzat bereziki zaila izan zen garaian".